Urriaren 23an Guztion Kultur arteko X. Topaketa izango da Eibarren eta Ermuan

 

Atzeraldi ekonomikoaren aitzakiaz, migrazio arloko politika gogortzen ari da, eta horrek ondorio larriak dakartza: egoera irregularrean dauden etorkinenganako presio poliziala; Atzerritarren Legearen araudi berria indarrean sartzearekin batera, familia batzeko baimenak lortu edo baimen horiek berritzeko baldintzak zorroztea; eta joan den irailean Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zen Diru-sarrera Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legearen aldaketak gizarte-eskubideetan eragingo duen murrizketa.

Etorkinak dira herrialdeen arteko nahiz herrialde barruko desberdintasun ekonomiko eta sozialen frogarik argiena. Harresi geografiko, politiko eta kulturalak eraikitzea kriminalizatzeko estrategia bat da, eta nazioarteko kapitalaren errentagarritasunaren izenean, giza eskubideak zapaltzen ditu. Horretarako, gainera, mugen kontrola esternalizatu eta barneratze mentala erabiltzen dira, jazarpena, zigorra eta deportazioa aplikatuz; atxiloketa arbitrarioak, mugetako polizien zigorgabetasuna eta internamendu zentroak baliatzen dira, eta giza eskubideen bortxaketa eguneroko ogia da halakoetan.

Mundu bereko auzokideak

Jardunaldia Eibarren eta Ermuan izango da eta hauexek dira aldarrikapenak: etorkinak eskubideen jabe direla aitortzea, eta ez gutxi batzuen beharrizan ekonomikoen mende dagoen eskulan hutsa; Estatuko internamendu zentroetan bidegabeki atxikita dauden egoera irregularreko etorkinenganako errespetua eskatzea; eta Eusko Jaurlaritzak egin asmoa duen eskubide sozialen murrizketa salatzea.

Horretaz gain, adierazpen hauek egin nahi ditugu:

– Atzerritarren Legea indargabetzeko eskatzen dugu, eta beste esparru juridiko baten ikuspuntutik parte hartzeko moduak eraikitzea, pertsona guztiei eskubide berberak bermatuko dizkiena.

– Lege-testuetan eta diskurtso politiko eta mediatikoan erabiltzen diren zenbait termino ez erabiltzeko eskatzen dugu, hala nola “harrera egiteko gaitasuna” edo “lan-merkatuaren beharrizanetara lotzea”, immigrazioaren ikuspuntu murriztailea eta alde bakarrekoa erakusten dutelako, eta etorkinak lan-tresna huts gisa ikustera bultzatzen duelako jendea.

– Immigrazio politika inklusibo eta ez baztertzailea eskatzen dugu, eragile sozial guztien artean definitua eta etorkinen oinarrizko eskubideak bermatuko dituena.

– Eusko Jaurlaritza egiten ari den gizarte-politiken murrizketa salatzen dugu; esaterako, Diru-sarrera Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legeari egin nahi zaion aldaketa. Murrizketa horiek herritar guztion kalterako dira; desberdintasun eta bazterketa gehiago sortzen dute, eta babes sistematik kanpo uzten dituzte baliabide gutxien dutenak; horrela, pobrezia handiagoan bizi beharko dute, eta areagotu egingo dira bazterketa-egoerak eta gatazka sozialak.

– Arau-hauste administratibo gehiago egotea salatu nahi dugu, Atzerritarren Legea lege zigortzaile bihurtzen duelako, eta etorkinei iruzur egiteko asmoa egozten dielako.

– Lagunduta ez dauden adin txikiko etorkinen eskubideak errespetatzeko eskatzen dugu, eta nabarmendu nahi dugu adin txikikoak direla, eta, besteak beste, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena eta Arartekoaren gomendioak errespetatu behar direla.

– Etorkinak gizarteratzeko aurrekontu-hornidurak ez murrizteko eskatu nahi dugu, arlo horretako lege-aldaketak ez daitezen asmo hutsean gelditu.

– Hala eskatzen duen pertsona orori asilo-eskubidea aitortzeko eskatu nahi dugu, Genevako Hitzarmenak ezarri bezala, baldin eta “arraza, erlijio, nazionalitate, talde sozial edo iritzi politiko konkretu batekoa izateagatik jazarpena jasateko beldur bada, eta beldur hori arrazoizkoa bada (…)”. Gainera, asilo eta babeserako onartzen diren kausak zabaltzea eskatu nahi dugu. Horrela, eskaera eta prozedurek legeak aurreikusten duen guztia betetzea bermatuko dute eta talde horien giza-eskubideak aintzat hartuko dira. Halaber, Nazioarteko Eskubideak errefuxiatuak itzultzeko ezartzen dituen baldintzak betetzeko eskatzen dugu.

– Eskubide-urratze larriak eragiten dituzten kanporatze hitzarmenak salatu nahi ditugu, hala nola familia haustea, jatorrizko herrialdeko agintarien errepresaliak eta etorkinen deserrotzea. Eta berronartzeko akordioak eta klausulak indargabetzeko exijitzen dugu; halaber, Europako Batasuna eta hirugarren herrialdeen artean, eta hirugarren herrialdeek elkarren artean, era horretako akordioak negoziatzeari uzteko.

-Sistema patriarkalaren eskema errepikatzea eta indartzea salatu nahi dugu; migrazioen feminizazioaren testuinguruan dagoeneko existitzen den genero asimetria sakonagoa egiten baita. Horrek esan nahi du emakumeak eremu pribatuko lanetan eta pertsonak zaintzen jarraitzen duela, esklabotza egoeran.

 

Guztion Kultur arteko X. Topaketa

Topaketa honek 10 urteko ibilbidea egin du, eta iaz 1.400 parte-hartzailetik gora izan zituen. Honako hauen laguntza du: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, Ermuko Udala, Eibarko Udala eta BBK.

Hona hemen, urriaren 23ean, Guztion Kultura arteko Topaketaren baitan, Eibarren eta Ermuan egingo den jardunaldirako egitaraua:

10:30. Hitzordua parte-hartzaileekin Eibarko Untzaga Plazan. Ongi etorri ekitaldia Eibarko elkarteen eskutik.
11:00. Aldarrikapen kalejira Eibartik Ermuarantz.
12:30. Ermuko San Pelaio plazara iristea. Ongi etorri ekitaldia Ermuko elkarteen eskutik. Manifestua irakurtzea.
13:00. Herri bazkaria

HARRESIAK APURTUZ, Etorkinei Laguntza Emateko Euskadiko GKEen Koordinakundeak eta Eibar eta Ermuko gizarte taldeek, topaketa honetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Era berean, Atzerritarren Legearen mende erabat diskriminatuta bizi diren etorkinen defentsan lanean jarraituko dugula adierazi nahi dugu; Lege horrek gizarte xenofoboaren eredua betikotzen du eta gizarte-desberdintasunak nabarmendu baino ez ditu egiten.

HARRESIAK APURTUZ, Etorkinei Laguntzeko Euskadiko GKEn Koordinakundea.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude