Urriaren 17an Guztion Kultur arteko Topaketa izango da Getxon

Atzeraldi ekonomikoaren aitzakiaz, migrazio arloko politika gogortzen ari da, eta horrek ondorio larriak dakartza: egoera irregularrean dauden etorkinenganako presio poliziala; familia batzeko baimenak lortu edo baimen horiek berritzeko baldintzak zorroztea.

Etorkinak herrialdeen arteko nahiz herrialde barruko desberdintasun ekonomiko eta sozialen froga dira. Harresi geografiko, politiko eta kulturalak eraikitzea kriminalizatzeko estrategia bat da, eta nazioarteko kapitalaren errentagarritasunaren izenean, giza eskubideak zapaltzen ditu. Horretarako, jazarpena, zigorra eta deportazioa erabiltzen dira; atxiloketa arbitrarioak, mugetako polizien zigorgabetasuna eta internamendu-zentroak erabiltzen dira, eta giza eskubideen bortxaketa eguneroko ogia da bertan.

Mundu bereko Auzokideak

Jardunaldia Getxon izango da eta aldarrikapenen muina zera da: etorkinak eskubideak dituzten pertsonak direla aitortzea, eta ez gutxi batzuen beharrizan ekonomikoen mende dagoen eskulan soila. Zigor Kodean egin den aldaketa gaitzetsi nahi dugu, izan ere, kalean saltzea debekatzen du eta ez du erakusten errespeturik Estatuko zentroetan bidegabeki dauden egoera irregularreko etorkinenganako.

Horretaz gain, adierazpen hauek egin nahi ditugu:

– Immigrazio politika inklusibo eta ez baztertzailea nahi dugu, eragile sozial guztien artean definitua eta etorkinen oinarrizko eskubideak bermatzen dituena.

– Atzerritarren Legea indargabetzeko eskatzen dugu, eta beste esparru juridiko baten ikuspuntutik eraikitzea, pertsona guztiei eskubide berberak emango dizkiena.

– Arau-hauste administratibo gehiago egotea salatu nahi dugu, Atzerritarren Legea lege zigortzaile bihurtzen baitu, eta etorkinen asmoak beti okerrak direla hartzen du oinarri.

– Lagunduta ez dauden adin txikiko etorkinen eskubideak errespetatzea eskatzen dugu, eta nabarmendu nahi dugu adin txikikoak direla, eta Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena errespetatu behar dela, eta Arartekoaren gomendioak, besteak beste.

– Eskubideak urratzen dituzten kanporatze-hitzarmenak salatzen ditugu, familien banaketa dakarte, jatorrizko herrialdean jasan beharreko errepresaliak eta deserrotze kasu larriak. Gainera, akordioak eta berrartzeko klausulak baliogabetzeko eskaera egin nahi dugu, eta Europar Batasunaren eta beste herrialdeen artean egiten diren mota honetako akordioak hartzeari uzteko.

– Espainian Atzerritarrak Internatzeko dauden Zentroak (CIES) berehala ixteko eskatu nahi dugu. Izan ere, errepresiorako eta bazterketarako bidea baino ez dira, pertsona horiek ez baitute deliturik egin.

– Hala eskatzen duen pertsona orori asilo-eskubidea aitortzeko eskaera egin nahi dugu, Genevako Hitzarmenak ezarri bezala, baldin eta “arraza, erlijio, nazionalitate, talde sozial edo iritzi politiko konkretu batekoa izateagatik jazarpena jasateko beldur bada, eta beldur hori arrazoizkoa bada(…)”. Gainera, asilo eta babeserako onartzen diren kausak zabaltzea eskatu nahi dugu. Horrela, eskaera eta prozedurek legeak aurreikusten duen guztia betetzea bermatuko dute eta talde horien giza-eskubideak aintzat hartuko dira. Halaber, Nazioarteko Eskubideak errefuxiatuak bueltatzeko eskatzen dituen baldintzak betetzea eskatzen dugu.

-Sistema patriarkalaren eskema errepikatzea eta indartzea salatu nahi dugu; migrazioen feminizazioaren testuinguruan dagoeneko existitzen den genero asimetria sakonagoa baita. Horrek esan nahi du oraindik ere emakumea eremu pribatuko lanetan eta pertsonak zaintzen dagoela, esklabotza egoera batean.

– Kaleko salmentagatik zigortutako pertsonei indultua ematea eta bidegabekeria hori despenalizatzea eskatu nahi dugu. Era berean, egile eskubideak kudeatzen dituzten enpresei kalte-ordainak kobratzeari uko egiteko eskatzen diegu.

– Termino batzuk ez erabiltzea eskatzen dugu, hala nola “harrera egiteko gaitasuna” edo “lan-merkatuaren beharrizanetara lotzea”. Lege arloko testuetan eta diskurtso politiko eta mediatikoan erabiltzen dira, eta immigrazioaren ikuspuntu murriztu eta alde bakarrekoa erakusten du, etorkinak lan-tresna soil bezala ikustera bultzatzen du jendea.

– Etorkinak gizarteratzeko aurrekontu-hornidurak ez murrizteko eskatu nahi dugu, arlo horretako lege-aldaketak ez daitezen asmo hutsetan gelditu.

-Frantziako Gobernuak egin dituen errumaniar ijitoen kanporatzeak salatu nahi ditugu. Ekintza horien bidez sendotu egiten dituzte ijito-komunitatearen gainean dauden estereotipo negatiboak eta komunitate osoaren irudia zikintzen dute. Premiazko deia egin nahi diogu Europako Batzordeari eta EBren Belgikako Presidentetzari, aitzindaritza hartu dezaten gertaera hauen salaketan eta neurri politikoak bultzatu eta aplikatu ditzaten ijito jendea EBn gizarteratzen laguntzeko.

– Salatu egin nahi dugu Eusko Jaurlaritza gizarte-politiketan egiten ari den murrizketa. Murrizketa horiek herritar guztion kalterako dira; desberdintasun eta bazterketa gehiago sortzen dute, eta babes sistematik kanpo uzten dituzte baliabide gutxien dutenak; horrela, pobrezia handiagoan bizi beharko dute, eta areagotu egingo dira bazterketa-egoerak eta gatazka sozialak.

-Eusko Jaurlaritzari aitortza publikoa eskatzen diogu, etorkin guztiek berme juridiko nahikoa izan dezaten, euskal gizartean txertatzeko prozesuan.

– Etorkinak gizarteratzeko aurrekontu-hornidurak ez murrizteko eskatu nahi dugu, arlo horretako lege-aldaketak ez daitezen asmo hutsean gelditu.

 

SOZIALHITZ jardunaldien amaiera

Kultura arteko Topaketak amaiera bikaina izango du 2 eguneko jardunaldietan immigrazioaren munduko hainbat arlori buruz gogoeta egin ondoren. SozialHitz urriaren 15 eta 16an izango da Getxon, eta Quiton (Ekuador) egin berri den Migrazioei buruzko Munduko Foro Sozialaren baitan dago txertatuta. Informazio gehiago: www.harresiak.org/sozialhitz

 

Guztion Kultura arteko IX Topaketa

Topaketa horrek 9 urteko ibilbidea egin du, eta iaz 1.200 parte-hartzailetik gora izan zituen. Honako hauen laguntza du: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, Getxoko Udala eta BBK. Gainera, aurten, Iñigo Lamarka Arartekoa egongo da Topaketa guztian.

Urriaren 17an, Guztion Kultur arteko Topaketaren barruan Getxon ospatuko den jardunaldirako egitaraua:

10h30 Bizkaiko Zubiaren plazan (Areeta) geratuko gara
11h00 Instituzio ekitaldia (I) eta Erreibindikazio kalejira hastea.
13h00 Erromoko ikastetxea. Manifestua irakurtzea eta instituzio ekitaldia (II)
13h30 Bazkaria
15h30 Umeentzako ipuin kontalaria. A la Luz de las Velas konpainia.
16h00 Kale-antzerkia herritik zehar. Getxoko Turismo Arloaren laguntzarekin.

HARRESIAK APURTUZ, Etorkinei Laguntza Emateko Euskadiko GKEen Koordinakundeak eta Getxoko gizarte taldeek, topaketa honetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Era berean, Atzerritarren Legearen mende erabat diskriminatuta bizi diren etorkinen defentsan lanean jarraituko dugula adierazi nahi dugu; Lege horrek gizarte xenofoboaren eredua betikotzen du eta gizarte-desberdintasunak nabarmendu baino ez ditu egiten.

HARRESIAK APURTUZ, Coordinadora de ONG de Euskadi de Apoyo a Inmigrantes
 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude