Web

Harresiak Apurtuz erakundeak eskubideen atzeranzko aldaketa salatu nahi du, diskriminazioa sortzen eta ezberdintasun soziala betikotzen baititu

Martxoak 21, Arrazakeria eta Xenofobiaren kontrako Nazioarteko Eguna

 

Harresiak Apurtuz erakundeak eskubideen atzeranzko aldaketa salatu nahi du, diskriminazioa sortzen eta ezberdintasun soziala betikotzen baititu

 

  • Euskal sozietate anitz bati erantzuna emango dioten politika publiko barne-hartzaileak eskatzen ditugu, elkarbizitza baketsuaren oinarria ardaztuko dutenak.
  • Gizarte bidezko baten alde egiten dugu; pertsona guztioi eskubideak berdintasunez aitortuko dizkigun gizartearen alde.

 

Harresiak Apurtuz

Arrazakeria eta Xenofobiaren kontrako Nazioarteko Eguna da martxoaren 21a eta, data garrantzitsu horren harira, salatu nahi dugu pertsona migratzaile eta iheslarien eskubideek atzerakada larria jasan dutela; gero eta lege murriztaile gehiago ezartzen dira, gizarteratzearen, tratu-berdintasunaren eta bazterkeria eza babestetik urrun, Giza Eskubideen oinarri den duintasunaren kontra nabarmen egiten dutenak. Gainera, gaur egun ere, krisi orokorra aitzakia gisa erabiltzen da, pertsona babesgabeenei zuzenean eragiten dien gizarte bazterkeria justifikatzeko.

Asilo eta immigrazioari buruzko politika europarrek nabarmen urratzen dituzte Estatu kideek berretsitako nazioarteko eta Europako itun eta hitzarmenak, eta kolokan jartzen dituzte Europar Batasunaren beraren sortze-balioak. Batasunak askatasun, segurtasun eta justizia espazioa izan beharko lukeen arren, ezarritako migrazio- eta asilo-politikek mina eta heriotza eragiten diete segurtasun eta aukera bila jaioterria atzean uzten duten milaka pertsonari.

Halaber, estatu mailan austeritate politikak garatzen jarraitzen dute, Europar Batasunak markatutako jarraibideak betetzeari lehentasuna emanda eta pertsona guztien (nazionalitate edo egoera administratiboa gorabehera) eskubideei eman beharreko babes erreal eta eraginkorra alde batera utzita. Gainera, osasun-arretarako, hezkuntzarako edo biltzeko/manifestatzeko  eskubideen (batzuk aipatzearren) aitortzak atzera egiteaz gain, ongizate Estatuaren existentzia bera kolokan jarri da, desorekak murriztu eta aukera-berdintasuna sustatzeko oinarrizko zutabea suntsituta.

EAEn euskal herritar guztien babes soziala bermatzeko nahikoa ez den aurrekontuaren ondorioak pairatzen jarraitzen dugu, eskubideen egikaritze efektiboan oztopo administratiboak izaten eta justizia zein berdintasun sozial handiagoa ziurtatuko duten enplegu politika aktiboen gabezia jasaten. Gainera, mundu mailan, Europan eta Estatu zein EAE mailan xenofobia eta arrazakeria mugarik gabe sustatzen dituzten diskurtso politikoak entzun eta entzuten ditugu; kondenatuak ez diren diskurtsoak, jakinda mesfidantza sustatzen, bizikidetza oztopatzen eta etika ororen kontra egiten dutela.

Horregatik guztiagatik, Arrazakeria eta Xenofobiaren kontrako Nazioarteko Egunaren harira, Harresiak Apurtuz koordinakundetik honakoa aldarrikatzen dugu:

  • Asilo eskubidea bermatuko duten migrazio eta asilo politikak garatu behar dira (Europan sartzeko bide seguru eta legalak eskainiz), migratzaile zein iheslarien integrazio osoa sustatuko dutenak (horien eskubideak erabat aitortuz).
  • Oinarrizko Giza Eskubideak zorrozki errespeta daitezela eskatzen dugu, baita aniztasuna aitor dadila ere, gizartean aberastasuna sortzeaz gain, bakearen bizikidetza sustatzen baitu.
  • Immigrazioa generoaren ikuspuntutik ere kudeatzea. Horrela, gizon eta emakumeentzako aukera, eskubide eta betebehar berdintasunaren garrantzia nabarmenduko da, hori sozialki, lan arloan, arlo pertsonalean eta familia mailan garatuta.
  • Lagunduta ez dauden adin txikiko etorkinen eskubideak aitortzeko eskatzen dugu; zentzu horretan, nabarmendu nahi dugu adin txikikoak direla, eta beren gizarteratze-prozesuari lehentasuna eman behar zaiola elementu barne-hartzaile gisa.
  • Osasun eskubide unibertsala errespetatzeko eskatzen dugu, pertsona guztiek kalitatezko eta doako osasun arreta jasotzeko aukera izan dezagun.
  • Erlijio askatasunean jarduteko beharrezko baldintzak bermatu daitezela eskatzen dugu, oinarrizko eskubide aitortua baita hori; era berean, erlijio-askatasun horren adierazpen ezberdinak eta hortik eratorritako beharrizan espezifikoen aniztasuna kontuan izan behar dira.
  • Salatu egin nahi ditugu etorkinen inguruan dauden estereotipo negatibo eta kaltegarriak, baita horien hedapena ere. Pertsonen arteko harremana oztopatu egiten dute eta berdintasun eza bultzatzen.

Laburbilduz,

Harresiak Apurtuz koordinakundetik jendarte ireki eta anitzaren alde konprometituta jarraitzen dugu, pertsona guztiek eskubide guztiak izango ditugun jendarte bat, justizia eta berdintasun soziala lehentasunezko helburu izango dituena. Baina hori posible izateko, ezinbestekoa da jendarte inklusiboa lortzea, berau osatzen dugun pertsona guztien Giza Eskubideak, duintasuna eta hiritartasun aktiboa betetzen direla bermatzeko mekanismoak jarriko dituena.

Harresiak Apurtuz, Etorkinei Laguntzeko Euskadiko GKEn Koordinakundea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude