Immigrazio eta asilo arloko LEHENTASUNAK. 2012 – 2016 aldia

DOKUMENTUA PDF FORMATOAN

Harresiak Apurtuz-ek , Euskadi pluralagoa, kultura artekoagoa, irekiagoa eta justuagoa eraikitzeko konpromisoa betez, immigrazio eta asilo gaietan kontuan hartu beharreko lehentasunei buruzko gogoetak helarazi nahi dizkie administrazioei eta eragile politiko nahiz sozialei, batez ere hasi berri den 2012- 2016ko legealdi honetan.

1) Herritartasun inklusiboaz eta eskubide eta betebeharren berdintasunaz hitz egitea

Atzerritarren Legeak eta horri buruzko Araudiak herritarren zati baten diskriminazioa legitimatzen jarraitzen dute, kategoriak sortuz, kohesio sozialaren kontra eginez, eta etorkinak eta egoera administratiboagatik edo babesgabetasun egoeragatik asiloa eman zaien pertsonak kriminalizatuz.

Hala ere, Euskadin immigrazioa errealitate egonkorra eta positiboa dela jakinik, Harresiak Apurtuz-ek honako eskaera egiten die administrazioetako maila guztiei, alderdi politikoei eta haien ordezkariei: utzi dezatela alde batera immigrazioaren ikuspegi instrumentalista, hau da, gure hirian erabilgarria eta beharrezkoa denean soilik onartzea, eskulan gisa edo diru-kutxa publikoak betetzeko soilik.

Euskal gizartea gizarte plurala eta askotarikoa da, eta hona etorri eta babesa hartu duten pertsonak gizarte honen funtsezko zati bat dira. Hortaz, agintarien aldetik errespetua eta oinarrizko eskubideak aitortzea merezi dute, gizarte hau osatzen duten gainerako herritarrek bezala.

Asistentzia hutsezko edozein tratu-mota arbuiatzen dugu, immigranteak eta errefuxiatuak elkartasun eta/edo karitate hutsagatik onartzea dakarrelako.

Euskadin bizi diren pertsona guztien eskubide eta betebeharren berdintasuna onartu eta konbentzimendu osoz sustatzeko eskatzen diegu; ez bakarrik Euskadin jaio direnen eskubideak eta betebeharrak. Horrela, EAE era askotako herritarrez osatutako erkidego anitza izango da.

Bat egiten dugu Ekain Sarearen errebindikazioarekin, gu ere sare horretan gaude-eta, gizarte-ekintzako hirugarren sektoretik honakoa esaten denean: “Gure erkidegoan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko asmoz ariko den Gobernu baten alde egiten dugu, helburu nagusia justizia eta berdintasun sozial handiagoa lortzea izango duena, eta toki, gizarte eta ingurumen arlotik begiratuta, giza garapen iraunkorra sustatuko duena.

Gure ustez lehentasunezkoa da:

elkarrekin lan egitea, esparru politikotik eta hirugarren sektoretik, Euskadin bizi diren pertsona guztien berdintasuna sustatzeko. Betebehar eta eskubide osoen jabe diren herritarrei buruz hitz eginez. Eta aniztasuna arduraz kudeatuz.

2) Immigrazio eta asilo arloko estrategia politikoa: kultura aniztasuna eta espezifikotasuna

Autonomia Erkidegoaren ikuspegitik, Eusko Jaurlaritza berriaren osaeran ez da aurreikusi Immigrazio Zuzendaritzarik ez Aniztasunaren Kudeaketarik, nahiz eta orain arte organo hori izan den EAEn immigrazio eta asilo arloko politika publikoen jarraipena bermatu duena.

Gaur egun, Harresiak Apurtuz osatzen dugun erakundeak eta elkarteak kezkatuta gaude honako gaiekin:

a) Zuzendaritza horrek gainbegiratuta immigrazio arloan garatzen ziren politiken jarraipena (besteak beste, Immigrazioaren Euskal Plana, Immigrazioaren aldeko Gizarte Hitzarmena, Immigrazio Teknikarien Sarea, sektore arteko eta erakunde arteko Koordinazioa, hirugarren sektorearekiko elkarrizketa); eta horrez gain,

b) immigranteei eta asiloa hartu dutenei ematen zaizkien zerbitzuak, eta horretarako eskaera egiten duten udalen eta erakundeen sarea (besteak beste, aholkularitza juridikoa, bideratzea, bitartekaritza, gizarte-erakundeei eta udalei ematen zaien aholkularitza).

Euskal gizartearen aniztasunak eta pluraltasunak horretaz kontziente izatea eta horren araberako legeak egitea eskatzen die agintariei. Gobernu egituran gai horiek lantzen dituen esparru bat izateak immigrazio politikak errealitateak eskatzen duenaren arabera bideratzeko behar den espezifikotasuna bermatuko luke, eta gizarte-mugimenduekin batera, gobernantza eremuak indartzea ekintzak pertsonen errealitatera hurbiltzeko. Horrek guztiak ondorioa izan beharko luke aurrekontuetan.

Immigrazioa zeharkako bihurtzeak espezifikotasunak lausotuta eta behar adinako babesik gabe uzteko arriskua sor dezake.

Foru aldundiei dagokienez, 2012an etengabeko murrizketak egin dira gizarte arloan eta izugarrizko eragina izan dute immigrazioaren esparruan. Aldundi batzuetan besteetan baino gehiago izan bada ere, aurrekontuak doitzeko politikak baliabide ekonomiko urriak utzi ditu gizarte eta kultura arteko politikak sustatzeko, eta trabak jarri ditu gizarte-erakundeek desabantaila sozialean dauden pertsonak gizarteratzeko edo kultura arteko bizikidetza sustatzeko hasiak zituzten prozesuetan.

Beraz, Foru Administrazio guztiei eskatzen diegu ahaleginak bateratu ditzatela pertsona guztien eskubideen aldeko borrokan, eta bermeak eman ditzatela Immigrazio eta Asilo Legearen eraginez salbuespenezko egoeran daudenen baldintzak hobetzeko.

Bestalde, bistakoa da udal administrazioan ere aurrekontuak berregituratu dituztela, eta krisiaren aitzakiaz, baliabideak murrizten ari direla immigrazio eta kultura artekotasunaren arloan. Udal gobernu batzuek alde batera utzi dute gai horien sustapena, hau da, aniztasunaren kudeaketa eta udalerrian bizi diren pertsona guztien arteko sinergiak indartzeko balio duten benetako politikak sortzea.

Euskadi plural batean, gaur egun duen aniztasun guztiarekin, immigrazio arloan berezitasun horri erantzungo dioten politika publikoak behar dira. Ez dago integrazioaz hitz egiterik, horretarako behar diren mekanismo sozialak, politikoak eta ekonomikoak jartzen ez badira, eskubideak bere osotasunean aitortzen ez badira.

Era berean, kezkagarria da ikustea nola barneratu diren immigrazioari buruzko zenbait mito, ez baitute batere laguntzen pertsonak tokian sustraitzeko eta, are gutxiago, gizartean onartuak izateko; esate baterako:

* homogeneotasuna dela, eta ez aniztasuna, gizarte kohesionatu eta arrakastatsu ba-tek izan dezakeen eragile bakarra: iritzi horren arabera, krisiaren eragiletzat hartzen dira immigranteak, ez krisiaren biktimatzat. Horrela, okerreko ondorioa atera eta pen-tsatzen da, haiek botaz gero, ekonomiaren oparoaldia azkarrago etorriko dela.

* Immigrazioari buruzko politika permisiboegia dela, iritzi hori gezurtatzen duten datu objektiboak daudenean: besteak beste, Atzerritarren lege gogor bat edo mugak kontro-latzeko eta etorkinak botatzeko Europako funts-hornidurak.

* immigranteen eskubideak pribilegiotzat hartzen direla eta iritziaren arabera eta zer-baiten truke eman daitezkeela: aseguratuta egon beharra osasun-arreta izateko; ko-munitatearen onerako lanak egitea gizarte-prestazioak lortzeko…

Immigranteei buruzko irudipen oker horiek imajinario kolektiboan sartzen dira, iritzi-egoera jakin bat sortzen dute, eta arriskuan jartzen dute gizarte-kohesioa eta denok nahi dugun Eus-kadi pluralago, kultura artekoago, irekiago eta justuago hori.

Gure ustez lehentasunezkoa da:

Eusko Jaurlaritzak aniztasuna kudeatzeko eta elkarbizitza sustatzeko politiken alde egitea, EAEn bizi diren atzerritarren gizarteratzea laguntzeko, haien eskubideak eta betebeharrak aitortuz. Horretarako, lan-ildo argiak eta baliabide zehatzak ezarri behar ditu.

Foru Aldundiek ere, Eusko Jaurlaritzarekin koordinatuta, antzeko politiken alde egin dezatela foru-eremuan.

Toki Administrazioek udalerri inklusiboago batzuen alde lan egin dezatela, eta immigranteei eta asiloa hartu dutenei arreta emateko eta gizarteratzeko politiketan aintzat hartu ditzatela, ez bakarrik horien objektu gisa, baita bizi diren herrien etorkizuna elkarrekin eraikitzeko gai diren subjektu aktibo gisa ere.

Erakunde arteko elkarrizketa Gizarte Zerbitzuen Legea eta zuzkidura publikoko zerbitzuei dagozkien legeak garatzeko izan dadila.

Hirugarren Sektorearekiko elkarrizketa bideak sendotzea, immigrazio eta asilo gaietan dauden premiei erantzuteko estrategia hobeak eraikitzeko.

Immigrazio eta asiloaren aurkako estereotipo kaltegarriak eta aurreiritziak desmuntatzeko inplikazio politikoa, baita giza eskubideen arloan eta kultura aniztasunean herritarrak hezteko ere.

3) Esparru bereko beste espezifikotasun batzuk

Immigrazioaz eta asiloaz ari garenean pertsona multzo bati buruz ari gara, eta zenbait kasutan, pertsona horiek dituzten egiturazko inguruabar batzuk direla medio, bazterketa egoeran geratzen dira. Hala ere, immigrazioaren eta asiloaren baitan badira aipatu beharreko espezifikotasun batzuk; hain zuzen ere, pertsona horiek bizi dituzten egoera berezi batzuen eraginez, ahultasun egoera larriagoan aurkitzen baitira.

Hala gertatzen da honako kasuetan:

– Emakume immigranteak: azken garaiotan immigrazioaren aurrendari izan dira. Arreta berezia merezi duen azpitalde bihurtu dira migrazioen baitan. Emakume diren aldetik, desabantaila ugari dituzte, besteak beste, zainketa-kateari dagozkionak, etxeko lanetan erantzukizun partekaturik eza, indarkeria matxista; baina immigrante diren aldetik, beste arazo batzuk ere badituzte: harrera-herrialdean laguntza-sarerik ez egotea edo oso urria izatea, egoera administratiboa, etab. Horregatik, guztiz beharrezkoa da politika publikoetan genero-ikuspegia indarrean mantentzea, aukerarik onenak bilatzeko emakume horiek EAEn txertatu daitezen.

– Lagundu gabeko adingabeak: eragozpen handiak dituzte oraindik dagozkien Administrazioen aldetik behar duten arreta jasotzeko, gazteentzako gizarte-prestazioen onuradun izateko eta gizarteratzeko ibilbideetan sartu ahal izateko, hain zuzen ere, adingabeak direlako.

– Gazte immigrante emantzipatuak: araudiak sortzen duen linbo horretan daude, adin nagusitasunera heldu eta gizarte-prestaziorik oinarrizkoenak lortzeko. Gaur egun, gazte immigrante emantzipatuek, batez ere Foru Aldundien arreta zerbitzuetatik kanpo geratzen direnek, ez dute euskarri nahikorik beregain bizitzen hasteko.

– Berriz elkartutako familiak: familia-errealitate berri bat dakarte harrera-gizartera. Berriz elkartutako haurrak, hezkuntza prozesuan jarraitu behar dutenak; migraziorako lehen pausoa eman duenaren gurdira igotzen diren gizonak eta emakumeak, lan-merkatu urrian sartu behar dutenak. Familia barneko prozesuak, rol-, botere-, kultura- eta pertzepzio-aldaketen eraginez nahasten direnak.

Migrazioen baitako azpitalde horietako bakoitzean salbuespenezko egoera bati erantzun behar zaio; ez, ordea, zerbitzu espezifikoak sortzeko, dauden zerbitzuetan horien egoera normalizatzeko baizik, haiek kontuan izanda eta zerbitzuak egokituta.

Gure ustez lehentasunezkoa da:

Kontuan hartzea immigrazioaren eremuan dauden azpitaldeak, haien errealitate ezberdin bezain garrantzitsuak ez daitezen ikusezin bihurtu.

Dauden zerbitzuak eta prestazioak egokitzea, immigrante gisa arazo espezifikoak dituzten pertsona horiei -normalizazioaren bidez- leku bat emateko.

Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreak talde horien arretan egiten duen ekarpen osagarria aitortzea, betiere arreta eta zerbitzu prestazioan sartzeari lehentasuna ematen baitio, interes pribatuaren gainetik.

4) Atal berezi bat: asiloa eta/edo nazioarteko beste babes-mota batzuk eskatzen dituz-ten pertsonak

Tamalez, bizi garen gizarte honetan ikusezin bihurtzen dira, arrazoi bat edo bestea dela medio, jazarpena jasan duten pertsonak. Errealitate honi lotuta gauden gizarte-mugimenduak lanean ari gara egunero, egoera horiek argitara atera eta politikoki kudeatu daitezen, horrelakoak sai-hesteko eta arintzeko. Horregatik, bada, gobernu aldaketarekin daukagun aukera berri hone-tan, berriz ohartarazi nahi dugu asiloaren gaia agenda politikoan, agenda sozialean eta herri-tarrenean sartu beharra dagoela, erakunde publikoen (erakunde legegileak eta betearazleak, poliziarenak, hezkuntzakoak… ) konpromisoa indartzeko, eta kultur aniztasunaz gain, asiloa eta nazioarteko beste babes-neurri batzuk eskatzen dituztenen espezifikotasunak eta premia be-reziak zeharkakotasunez kontuan hartu ditzaten, sarritan lausotuta gelditzen direlako etorkinen kolektibo orokorrean.

Izan ere, sarritan ahaztu egiten da zein garrantzitsua den ihesi datozenei lehenengo harrera egitea, eta ez da kontuan hartzen leku berri batera datorrenak, berez dituen traba eta doluaz gain, jatorrian eta batzuetan bidean bizi izandako trauma gainditu behar duela, eta behartuta eta berak hautatu gabe etorri behar izan duen leku batean dagoela. Fase horretan funtsezkoa da gizarte-laguntza eta laguntza psikologikoa ematea.

Bestalde, behartutako migrazio-prozesuetan, bai interesdunak eta bai haien senideak, sare juridiko nahasi baten aurrean aurkitzen dira, jasan behar dutenek ulertzen ez dutena, eta be-ren duintasunaren aurkako eraso moduan bizi izaten dute. Horregatik, ezinbestekoa da lagun-tza juridiko espezializatua ematea.
Haien borrokarekin, errebindikazioekin edo herrialdetik alde egitera behartu dituen beste edozein arrazoirekin solidario izatea eta hori guztia agerian uztea integrazio prozesu zail baten parte dira, eta, horrez gain, onartu behar dute hara itzultzea ezinezkoa izango dela.

Gure ustez lehentasunezkoa da:

asiloaren gaia agenda politikoan, agenda sozialean eta herritarrenean sartzea, erakunde publikoen (erakunde legegileak eta betearazleak, poliziarenak, hezkuntzakoak… ) konpromisoa indartzeko eta zeharka kontuan hartu dezaten.

Agente publikoei prestakuntza ematea, ez immigrazio gaietan bakarrik, baita asilo gaie-tan ere.

Zerbitzu publikoak erabiltzeko trabak kentzea, bai asiloa eskatzen dutenei, bai babes-eskatzaile gisa, nazioarteko beste babes-mota batzuk dagozkienei.

Giza eskubideen defentsan oinarrituta, aldi baterako harrera sustatzea eta bideratzea jazarpena jasan dutenei.

5) Gizarte-babesa eta bermeak, pertsona guztien eskubidea

Gizarte-ongizate estatuan sinesten dugu, gizarte-eskubideak giza izaerari berez dagozkion funtsezko osagai gisa onartzen dituena.

Zoritxarrez, Behategi espezializatuek hala erakutsi badute ere, ez dakigu etorkinek enplegua lortzeko aukeran eta lana izateak ematen duen independentzia ekonomiko eta pertsonalean oinarritzen dutela beren migrazio-proiektua.

Pertsona guztientzako eskubideak eta betebeharrak bermatzearen ildotik, immigranteak eta asilodunak gizarte honen zati direla uste dugu; beraz, eskubide horiek aitortuko dituen gizarte-ongizate estatuan sinesten dugu, giza izaerari berez dagokion elementua diren heinean.

Bizi-maila duina bermatzeko pentsatuta dauden gizarte-zerbitzuak ere elementu integratzaile gisa hartu behar dira, etorkinek eta asilodunek aurrera egin dezaten Euskadin. Izan ere, Behatoki espezializatuek egindako ikerketek erakusten dutenez, etorkinek enplegua lortzeko aukeran eta lana izateak ematen duen independentzia ekonomiko eta pertsonalean oinarritzen dute beren migrazio-proiektua.

Ikuspegi orokorretik begiratuta, gizarte-babes horretan sartzen da etxebizitza lortu eta mantentzea; baita etxegabetasuna errotik kentzea ere. Osasun eta hezkuntza zerbitzuak izateko aukera ere eskubide subjektibo unibertsal moduan hartu behar da, ez pribilegio moduan.

Nolanahi ere, premian, babesik gabe eta estutasunean egoteak eskubidea ematen die, baldintza batzuk betez gero, Estatuak bere herritarren bermerako duen babesa jasotzeko. Zentzu horretan, Harresiak Apurtuz-ek Ekain Sarearen 14. proposamena berretsi nahi du: “Herritar guztiek diru-sarrerak bermatzeko errenta eskuratzeko aukera unibertsala mugatzen duten baldintza murriztaileak (erroldatze-epea, adina, bizikidetza-unitate bakoitzeko errenta kopurua…) kentzea eskatzen dugu”

Gaur egun, osasun arloari dagokionez, nazioan aplikatzekoa den 16/2012 Errege Lege Dekretuak osasun zerbitzuak erabiltzeko aukerak murriztu nahi dizkie legez kanpo dauden etorkinei. Joan den ekainaren 26an Eusko Jaurlaritzak argitaratu zuen 114/2012 Dekretuaren bidez, zerbitzu hori ematen jarraitu nahi da pertsona guztientzat, jatorria edo egoera administratiboa kontuan hartu gabe. Hala ere, Dekretu horren arabera, gutxienez urtebete egon behar da erroldatuta zerbitzu horiek izateko; horrek eragina dauka kolektiboan eta kontraesanean jartzen du Atzerritarren Legea.

Gure ustez lehentasunezkoa da:

Gizarte-zerbitzuen doakotasuna eta eskuragarritasuna errebindikatzea.

Premiazkoa da berriz ere pertsona eta familia guztiei babesa ematea, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legeari aldaketak eginez, hori eskuratzeko baldintzen atalean.

Urtebete erroldatuta egotearen baldintza kentzea, arauz kanpo dauden immigranteak euskal osasun publikoa erabiltzeko aukera izan dezaten.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzak arautzea, herritar guztientzako eskubide subjektibo unibertsal gisa bermatuta, zorroztasunik eta denbora-mugarik gabeko kudeaketa eginez.

Gizarte-babesaren arloan toki-administrazioek dituzten politikak abian jarri eta herritarrei horien berri ematea, bereziki, arauz kanpoko immigranteek bizi duten babesgabetasun-egoera arintzeko.

6) Beste oinarrizko eskubide batzuk: Erlijio-askatasuna eta botoa emateko eskubidea

Erlijio-askatasunari dagokionez, eta Euskadi gero eta anitzagoa eta askotarikoagoa dela kontuan hartuta, sinesmena eta erlijio-jarduna funtsezko osagaiak dira, lehen eskatu bezala, aniztasuna kudeatzeko politiketan.

2012ko maiatzean argitaratu zen EAEn kultu-zentroak zabaltzea eta egotea arautuko duen Eusko Jaurlaritzaren Lege Aurreproiektua, baina ez zuen harrera onik izan Euskadiko zenbait udalen aldetik.

Eusko Jaurlaritzak berak egindako iritzi-azterketa baten arabera, inkesta egin zaienen artetik %73 erlijio guztiek beren kultu-zentroak jartzeko eskubidearen alde daude; orain Legea kudeatu beharko litzateke, eskubide hori pertsona guztiei bermatzeko eta gutxieneko bizikidetza arauak ezartzeko, betiere desberdintasuna errespetatuz eta murrizketarik gabe.

Bestalde, boto-eskubideari dagokionez, elementu interesgarria dela uste dugu. Gero eta etorkin gehiago ari dira hautatzeko eta hautagai izateko aukera irabazten, tokiko, erkidegoko eta estatuko hauteskundeetan. Batetik, elkarrekikotasun irizpidearen araberako botoa aitortu delako eta, bestetik, Espainiako nazionalitatea lortu dutelako.

Zentzu horretan, 2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetan, hautesle-erroldaren bulegoan atzerritarren 50.000 inskripzio baino gehiago jaso ziren; zenbateko horren arabera, inskripzio portzentajea guztizkoaren %11 eta %14 artean dago. Berdintasun politikoa oso garrantzitsua da benetako gizarteratzea bultzatzeko. Atzerritarrek ere erabaki politikoetan parte hartu dezaten eta gizartearen etorkizunean inplikatu. Ezin da demokraziaz hitz egin, pertsonen ehuneko bat dagozkion erabakietatik baztertuta uzten bada.

Gure ustez lehentasunezkoa da:

Administrazio, alderdi politiko eta Hirugarren Sektorearen arteko elkarrizketari segida ematea, Kultuari buruzko Lege Aurreproiektua eta ondorengo Legea zehaztu eta justiziaz eta zuzentasunez aplikatu dadin Euskadin, eta pertsona guztiek duten eskubide hori bermatu dezan.Informazio-bideak hobetzea, immigrante guztiek botoa emateko eta hautatuak izateko eskubidea gauzatu dezaten.

7) Gizarte-mugimendu eta erakundeen sustapena, antolatutako gizarte zibila izateko

Antolatuta dagoen gizarte zibilak benetako demokrazia bultzatu eta indartzen du. Harresiak Apurtuz eta koordinakunde hau osatzen dugun etorkinen elkarte eta immigrazioaren esparruko gizarte-erakundeak, egunero ari gara lanean pertsonak harremanetan jartzeko elkarguneak bermatzeko, helburu komunak eraikitzeko eta helburu horiek lortzeko ekintzak gauzatzeko.

Talde horietan gaudenon ustez, Administrazioek eta ordezkari politikoek konprometituta jarraitu beharko lukete ekimen kolektibo hauekin, gure jarduera denon onerako delako.

Azken urteotan, berregituratu edo desagertu egin dira edo aurrekontu-murrizketa zorrotzak egin zaizkie egoera ahulenean dauden immigranteei eta asilodunei zuzendutako proiektuak babesteko diru-laguntza lerroei. Gauza bera gertatu da beste hainbat arlotan: bizikidetza sustatu eta dibertsitatea nahiz erlijio-aniztasuna kudeatzeko proiektuetan eta Giza Eskubideak defendatzeko edo etorkinekin zerikusia duten gaiak lantzeko proiektuetan. Aldaketa horien eraginez, hainbat erakunderen jarduerak eragozpen handiak ditu; areago, horietako batzuk desagertzeko zorian daude.

Immigranteen eta asilodunen egoera egunez egun bizi dugun gizarte-erakundeok uste dugu babes eta esku-hartze politikak guztiz beharrezkoak direla horien gizarteratze egokia lortzeko, eta badakigu nolako ahalegina egiten duten Euskadiren garapenean laguntzeko. Horregatik, inplikazio handiagoa eta sektore horren aldeko apustua eskatzen diegu agintariei. Elkarteak sendotzeko politikak aniztasuna kudeatzeko politiken baitan egon beharko lirateke; gizarte-mugimendu sendoa izatea onuragarria delako, bai pertsonentzat, bai kudeaketa politikorako.

Zentzu horretan, bat egiten dugu Ekain Sareak egindako proposamenarekin: “Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu baliabide-hornidura mantentzeko eta gehitzeko, toki, lurralde eta erkidego mailan antolatutako gizarte zibilari eusten laguntzeko, gure ustez, gizarte-sare sendoa onuragarria delako demokraziaren osasunerako eta konpromiso sozialerako.

Gure ustez lehentasunezkoa da:

Migrazioekin eta asiloarekin lotura duen gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen finantza-bideak mantentzea eta hobetzea, lanean jarraitu eta denboran iraun dezaten, gero eta behar handiagoak dituen kolektiboari erantzunez.

Eusko Jaurlaritzarekin, alderdi politikoekin, horien ordezkariekin eta gizarte-erakundeekin etengabeko elkarrizketan egotea, elkarlanerako harremanak hobetzeko, errealitateari buruzko iritziak trukatzeko, eta legeak egiten dituztenei nahiz oposizioan daudenei premia zehatzak jakinarazteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude