Harresiak Apurtuzek salatu egin nahi du Gasteizko alkate Javier Maroto udalerriko marokoar eta aljeriarren kontra egiten den jazarpen eta kriminalizatze kanpaina

 

Javier Marotok adierazpen batzuk egin zituen atzo irratian eta gaur prentsan agertu dira. Horien harira, zera jakinarazi nahi diegu herritarrei:

Integrazioa noranzko biko prozesua da; gizarte batera heltzen diren etorkinen gizarteratzea da helburua; horretarako elkar ulertu beharra dago eta eskubide, obligazio eta tratu berdintasunean oinarritu. Beraz, etorkinen jarrera positiboa ez ezik, jarrera positibo hori sustatzeko politika publiko egoki batzuk egon behar dira.

Atzerritartasun Legea eta Asilo eta Babes Legea estatu mailako araudi mugatzaileak dira eta kanpotik etorritako beste edozein pertsonen gizarteratze normalizatuari trabak jartzen dizkiote. Autonomia Erkidego eta udalerriek herritarren gizarteratze eta elkarbizitza egokia sustatzeko gaitasuna eta erantzukizuna –legezkoa eta etikoa- daukate. Hala ere, Gasteizko Udalak udal politikak etengabe aldatu eta berriro diseinatzen ditu eta horien bidez gizarte-bazterkeria, arrazismoa, desberdintasuna, estigmatizatzea eta pobreziaren kriminalizatzea sustatzen ditu. Horrek ez dio soilik etorkinei eragiten, baizik eta Gasteizen desabantaila egoeran bizi diren herritar GUZTIEI. Gainera, kohesio sozialaren aurka egiten du.

-Gasteizko herritarren artean aniztasuna da nagusi, eta hori Euskal Herriko eta orokorrean Estatu osoko errealitatearen isla da. Azken 15 urteetan atzerritarrek Euskal Herrian oreka positibo bat mantentzen lagundu dute eta ez zaigu harrigarria iruditzen Lurralde Historikoen araberako nazionalitate banaketa. Araban batez ere hiru jatorri hauetako atzerritarrak daude: Latinoamerika, Magreb eta Europar Batasuna, ordena horretan; eta datuetan ez da aldaketa handirik egon azken 10 urteetan. Gainera, lurralde bakoitzeko lan-beharrizanak dira etorkinak erakartzen dituztenak, eta ez bestelako zirkunstantziek, Alkateak dioen moduan.

-Euskadiko babes-sistema gure aberastasunik handienetako bat da eta ezein legegile edo herritarrek ez luke hori zalantzan jarri behar. Babes sozialari esker, Euskadik bizimodu duinagoa bermatzen die pertsonei; horretarako, tratu-berdintasuna da sistemaren oinarrizko printzipio eta gizarte demokratikoen ezaugarri nagusia.

Javier Marotok egiten dituen adierazpen horiek zalantza sortzen dute sistemaren, sistemak babesten dituen pertsonen eta eskaintzen den bermearen gainean. Ez dago harreman zuzenik laguntza sozialen eta immigrazioaren artean. Ez dago atzerritarrak bertako herritarren aurretik lehenesten dituen araurik. Etorkinak bere lanetik bizi dira batez ere, eta bertakoon moduan, Gizarte Segurantzan ekarpena egiten dute eta zergak ordaintzen dituzte; beraz, zuzenean eta zeharka, babes sozialaren sistemei eusteko ekarpena egiten dute.

Azkenik, Maroto alkatearen adierazpenen bidez argi geratu da bere posizio publiko eta politikoa baliatzen ari dela masa-komunikabideetan agertzeko eta gizartearen izenean bere pentsamendu propioak adierazteko. Ez du mahai gainean jartzen egiaztatu ezin den informaziorik eta edozein gauzaz hitz egiteko aprobetxatzen du, gaiak nahastuz eta bere legegintzaldiaren ezaugarri bihurtu den tentsio-puntu hori mantenduz.

Alkateak oso ondo daki zenbaterainoko eragina daukaten egindako adierazpenek eta Gasteizko herritarren aurreiritziak areagotu egiten dituela. Hirugarren sektoreko langile eta udalerri honetako herritar garen heinean, mota horretako adierazpen publiko gehiagorik ez egitea eskatu nahi dugu.

Harresiak Apurtuz taldeak lanean jarraituko du bestelako talde sozial eta Gasteizko herritarrekin batera, eskubide berdintasunaren alde eta diskriminazioaren kontra. Ez gara isilduko egindako adierazpenen aurrean; ez ditugu gizarte murrizketak bultzatzen dituzten politikak justifikatuko eta are gehiago, ez dugu utziko immigrazioa eta xenofobia botoak lortzeko tresna bihurtu daitezen.

Gasteiz, 2014ko uztailaren 17a

Harresiak Apurtuz, Etorkinei Laguntzeko Euskadiko GKEn Koordinakundea
http://www.harresiak.org

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude