Harresiak Apurtuzek Politika Publiko Inklusiboak eskatzen jarraitzen du, EAEn maiatzaren 24an izango diren udal eta foru hauteskundeen harira

 

Laster izango diren udal eta foru hauteskundeak direla eta, Harresiak Apurtuzek etorkinen hiritartasun osoaren aitorpena eskatzen jarraitzen du; horren barruan daude hiri mailako parte-hartzea, parte-hartze soziala, ekonomikoa, kulturala eta politikoa. Administrazio publikoei gure eskaera berresten jarraitzen dugu. Helburua gure herritarren beharrizanei erantzuna emateko politika publiko inklusiboak lortzea da, pertsona guztientzat eta inolako bereizketarik egin gabe, Euskadi ireki, inklusibo eta anitza sustatzeko.

Euskal gizartea anitza da eta pertsona etorkinak eta asilodunak funtsezkoak dira gizarte horretan. Hala erakusten dute egunez egun, beren parte-hartzearen bidez eta herritar gisa dituzten betebeharrak betez.

Gainera, migrazioak ez dira fenomeno berria, baizik eta historian zehar eman den prozesu jarraitua. Hori kontuan izanda, Harresiak Apurtuzen lanean jarraitzen dugu pertsona guztion gizarteratzea lortzeko helburuarekin. Herritarrak sentsibilizatu eta gizarte eragile batzuen bidez zabaltzen diren estereotipoak apurtu nahi ditugu.

Hala ere, azken urteetan, krisi ekonomiko eta sozio-politikoaren aitzakian migrazio-politikak gogortu egin dira; egoera irregularrean dauden pertsonek poliziaren presio handiagoa dute eta lege hertsatzaileak mantentzen dira. Atzerritarren Legeak eta bere araudiak herritar batzuk diskriminatzen eta kriminalizatzen ditu, etorkinak eta asilodunak baztertu egiten ditu beren egoera administratiboagatik eta babesgabeago egiten ditu, eskubide sozialak murriztuz. Horrela izan da, esaterako, Diru-sarrerak bermatzeko Errentaren eta Gizarteratzeko Legearen aldaketarekin.

Egungo egoera sozial eta politikoan, eta udal eta foru hauteskundeak hortxe ditugula, Harresiak Apurtuzek alderdi politikoei gogorarazi nahi die EAEn bizi garen pertsona guztion eskubide eta betebeharren berdintasuna sustatu behar dituztela. Ulertu behar dugu, gainera, etorkin eta asilodunak gizarte honen funtsezko parte direla. Hortaz, agintarien aldetik errespetua eta oinarrizko eskubideak aitortzea merezi dute, Espainiako Konstituzioak eta Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak babesten dituen gainerako herritarrei bezala.Zentzu horretan, dokumentu honen bidez Administrazioei eta agintariei eskatu nahi diegu, bakoitzak bere eskumenen mailan kontuan izateko honako puntuak, hauteskundeetara begira:

a) Pertsona ororen eskubideak errespetatuko direla zaintzeko eta euskal gizartearen kohesioa mantentzeko.

b) Politika publikoen maila guztietan, hauteskunde programetan eta ondoren legeak egiteko orduan gizarte inklusio eta bermea aintzat hartzeko. Kontziente izanik ezinezkoa dela lehenengo eta bigarren mailako herritarrak daudela pentsatuz legeak egitea.

c) Immigrazioa hauteskunde-helburuz ez erabiltzeko konpromiso argi eta iraunkorra hartzeko.

Gainera, Harresiak Apurtuzen ustez funtsezkoa da honakoa, hauteskunde-prozesuari eta legegintzaldiari begira:

  • Foru eta udal administrazioetatik, arlo politikotik eta hirugarren sektoretik elkarrekin lan egitea berdintasunezko gizarte bidezkoago bat eraikitzen, pertsona guztiek eskubide eta betebehar berberak izateko eta aniztasuna modu arduratsuan kudeatzeko, dauden beharrizanei erantzuna emanez.
  • Etorkinen elkarteen eta Foru eta tokiko administrazioen arteko elkarrizketa eta parte-hartze eremuak sustatzea.
  • Gizarte zerbitzuen doakotasuna eta irisgarritasuna aldarrikatzea eta gizarte-babesaren arloan toki-administrazioek dituzten politikak abian jarri eta herritarrei horien berri ematea, bereziki, arauz kanpoko immigranteek bizi duten babesgabetasun-egoera arintzeko.
  • Informazio-mekanismoak hobetzea, etorkinek beren boto-eskubidea eta hautatuak izateko eskubidea egikaritzeko. Izan ere, gero eta etorkin gehiago daude hautatzeko eta hautatuak izateko aukera dutenak eta berdintasun politikoa garrantzitsua da benetako parte-hartzea bultzatzeko, etorkinak ere erabaki politikoen partaide izan daitezen.
  • Immigrazio eta asilo politika inklusiboak kudeatzea, batez ere gizarte eragile guztien artean definitutakoak, eta talde horien oinarrizko eskubideak bermatzen dituztenak; aniztasuna eta elkarbizitzaren sustapena gehituz, norabide biko integrazioa sustatzeko elementu bezala.
  • Immigrazioa generoaren ikuspuntutik ere kudeatzea, udal eta foru mailan. Horrela gizon eta emakumeentzako aukera eta betebehar berdintasuna landu eta hori sozialki, lan arloan, arlo pertsonalean eta familia mailan garatuko da.
  • Inplikazio politikoa, bai foru mailan, baita udal mailan ere, estereotipo negatiboak desmuntatzeko. Izan ere, ikusten dugunez, estereotipo horiek eragozpen hutsa dira etorkinen integrazio-prozesuetan eta babes sozialaren sistemaren inguruko zalantza sortzen dute.
  • Tokiko administrazioei deia egitea udalerri inklusiboen alde lan egin dezaten, etorkinenganako arreta eta integraziora bideratutako politikekin, ez pertsona horiek objektutzat hartuz, baizik eta bizi diren herrien etorkizuna eraikitzen parte hartu dezaketen pertsona gisa.
  • Lagunduta ez dauden adin txikiko etorkinen eskubideak aitortzeko eskatzen dugu; nabarmendu nahi dugu adin txikikoak direla, eta beren gizarteratze-prozesuarekin lotutako proiektua gauzatu behar dela
  • Etxegabetasuna erauztea, eta etxebizitza lortu eta mantendu ahal izatea pertsona guztientzako gizarte-babesaren oinarrizko elementua izatea.
  • Pertsona guztiak udal erroldan inskribatuta egon daitezen erraztasunak ematea. Eskubide bat eta betebehar bat izan behar da pertsona guztientzat, nazionalitatea eta egoeradministratiboa edozein dela ere. Alde batera utzi behar dira baldintzak, erroldaren helburua bakarra pertsona bat etxe batean bizi den edo ez den jakitea baita.
  • Etorkinak elkartzeko lekuen funtzionamendua babestea, dituzten kezka eta parte-hartzeko interesei erantzuna emanez.


Laburbilduz

Euskadi plural batek, gaur egun daukan aniztasuna kontuan izanda, gizartearen berezitasunei erantzuten laguntzeko politika publikoak behar ditu. Ezin dugu gizarteratzeaz hitz egin ez badira horretarako mekanismo sozial, politiko eta ekonomikoak aktibatzen, aniztasuna aitortuz eta eskubideak bermatuz.

Gizarte-ongizate estatuan sinesten dugu, gizarte-eskubideak giza izaerari berez dagozkion funtsezko osagai gisa onartzen dituena. Pertsona guztientzako eskubide eta betebeharrak bermatzearen ildotik eta ulertuz etorkin eta asilodunak gizarte honetako parte direla, bizi-maila duina bermatzeko sortu diren prestazioak ere elementu integratzailetzat hartu behar ditugu, pertsona horiek Euskadin aurrera egin ahal izan dezaten.

HARRESIAK APURTUZ, Etorkinei Laguntza Emateko Euskadiko GKEen Koordinakundeak foru eta udal mailako administrazio guztiei eta horiek gobernatzen dituzten alderdi politikoei zera eskatu nahi die: politika publiko inklusiboak sustatzeko, aniztasuna kontuan hartuz. Era berean, adierazi nahi dugu pertsona guztientzako bereizketarik gabeko eskubide berdintasunaren alde lanean jarraitzeko asmoa dugula.

Harresiak Apurtuz, Etorkinei Laguntza emateko Euskadiko GKEn Koordinakundea

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude