Harresiak Apurtuzek migratzaile eta errefuxiatuei harrera emateko sistema publiko egonkor bat eskatu die euskal administrazioei

Koordinakundeak migrazio eta asilo politika inklusiboak eskatu ditu, pertsona ardatz hartuko dutenak eta oinarrizko eskubideak betetzen direla bermatuko dutenak

Bilbo, 2018ko uztailaren 18a

Migrazioak beti egon dira historian zehar, eta gaur egun ere ematen da gizateria bezain zaharra den fenomenoa hau. Milioika pertsona dabiltza pobrezia, gatazka edo gerretatik ihesi, beste arazo batzuen artean, etorkizun bat eraikitzeko aukera emango dien leku baten bila. Bilbo da helmuga hiri horietako bat, beste asko bezala, eta hori horrela izanik, Harresiak Apurtuzen kezkatuta gaude harrera egiteko baliabide egonkor nahikorik ez dagoelako, eta horrek eragin zuzena eta larria dauka pertsonengan. Horietako gehienak beste leku baterako bidean daude.

Erkidego, foru eta udal mailan, balorazio positiboa egin nahi dugu azken egunotan sortu den elkarrizketaren inguruan eta aldi baterako harrera baliabideak aktibatzeko moduak bilatzearen alde egindako apustuaren inguruan. Hala ere, ez da baliabide egonkor gisa planteatzen; egoera jakin baterako zerbait dela ematen du, eta hori ez dator bat etengabeko migrazio prozesuekin eta gizarte erakundeok eskatzen dugunarekin. Pertsona horiei harrera egiteko sistema egonkor baten gabezia argi geratu da eta helburu hori daukan egitura finko bat sortzea premiazko kontu bat dela uste dugu. Etorkinek errealitate aberats, positibo eta egonkor bat irudikatzen dutela uste dugu, eta gure hiria ez dago errealitate horretatik kanpo. Bilbo hiri anitza da berez, eta aniztasun horren barruan berdintasunezko gizarte bidezko eta libre baten paradigma bilatu behar dugu; hori izan behar da mugiarazten gaituena.

Estatu mailan, zalantzagarria da oraindik ere Ongizatearen Estatua deitzen dugun hori, egiturazko desberdintasun egoerak murriztu eta aukera berdintasuna sustatzeko oinarrizkoa dena. Bestalde, Europako migrazio eta asilo arloko politikek larriki urratzen dituzte kide diren Estatuek berretsitako tratatu eta hitzarmenak, eta zalantzan jartzen dituzte Europar Batasunaren sorreraren oinarrian zeuden balioak. Batasunak izan beharko lukeen askatasun eta segurtasun eta askatasun eremuaren ordez, pertsona askoren sufrimendua eta heriotza eragiten ari diren migrazio eta asilo politikak jasaten ari gara.

Gizarte sareen balio erantsia

Erabakigarria da euskal gizarte sareen egitekoa aintzat hartzea, berdintasunean oinarritutako gizarte bidezko baten eraikuntzan funtsezkoa izango delako. Hala dago jasota Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren 6/2016 Legean. Lan koordinatua egitea da gure asmoa, erantzukizun publikoko kudeaketa sistema misto baten esparruan. Ulertzen dugu gizarte ekimenak balio erantsi bat ematen diela gizarteari eta pertsonei. Gizarte arloko esku-hartzearen barruan erantzukizun publikoa sendotzea lorpen handi bat izango da herritar guztien gizarte eskubideen aitortzari eta horien sustapen eta betetze errealari dagokienez.

Gainera, erakundeen arteko elkarrizketa eta elkarlanaren bidetik jarraitzera animatu nahi zaituztegu, administrazioen arteko koordinazio tresna gisa eta gizarte erakundeekin eurekin. Horrela izanik, administrazio publikoekin lan bateratu eta koordinatua egiten jarraituko dugu, berdintasunezko politika publiko batzuk garatu eta martxan jartzeko xedez, pertsonak eta beren eskubideak ardatz hartuko dituztenak eta balio nagusitzat elkarbizitza izango duen gizartean eragingo dutenak.

Denok duintasunez bizi ahal izateko moduko gizarte bidezko eta berdintasunezko bat eraiki ahal izateko, erantzukizunak geure gain hartu behar ditugu, bakoitzak bere jarduera eremuaren barruan. Komunikabideek ere egiteko garrantzitsua dute, euren esparruan, aurreiritzirik gabeko mundu baten zimenduak jartzerako orduan. Hori dela eta, imajinario kolektiboa eta banakakoa sortzen laguntzen duten heinean, arduraz jokatzeko eskatu nahi diegu; testuinguruan ondo kokatutako mezuak igortzeko, informazio zuzena oinarri dutenak, eta 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren arabera, hori baita jarraitu beharreko kode deontologikoa.

Lankidetzaren garrantzia

Uste dugu euskal gizartea anitza, irekia, aktiboa eta abegitsua dela hemendik igarotzen diren pertsonekin, baita hemen geratzea erabakitzen dutenekin ere. Horrela izanik, erakundeekin modu koordinatuan lan egiteko aukera zabaldu nahi dugu, errealitate konplexu horri erantzun erreala eta eraginkorra eman ahal izateko. Pertsonen bizitza ardatz hartuko duten politika koherenteetatik sortuko diren baliabideak behar ditugu; migratzaileen eskubideak errespetatzen direla bermatzeko. Pertsona guztiontzako bizimodu duin baten alde. Hautsi ezinezko mugarik gabeko mundu baten alde.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude