Harresiak Apurtuz, Etorkinei Laguntzeko Euskadiko GKEn Koordinakundearen izenean, Consejo Islámico del País Vasco, Tifisqui Elkartea, Safa Elkartea, Marwa elkartea, Bidaya Elkartea, Jatorkin Elkartea gure kezka adierazi nahi dugu, Gasteizen aniztasunaren kudeaketari dagokionez ematen ari diren atzerapausoak ikusita.

 Euskal gizartea anitz eta askotarikoa da. Errealitate horren aurrean, herritar eta hirugarren sektoreko erakunde bezala, udal erakundeen kudeaketa publikoa gaitzetsi nahi dugu; izan ere, homogeneotasun-irizpideak baliatzen dituzte eta ez dituzte desberdintasunak kontuan hartzen; horrela, herritar multzo bat kanpoan uzten dute.

Gasteizen kasuan, aisialdirako eremu publiko batzuen erabileraren inguruan gertaerak egon dira; horren harira, sinatzen dugunok berretsi nahi dugu denok ditugula eskubide eta betebehar berberak, inolako zalantzarik gabe. Horregatik, udal erakundeei eskatu nahi diegu edozein arau motak ikuspegi transbertsal eta anitza eduki behar duela, udalerriko pertsona guztiak kontuan hartzeko. Eremu publikoen erabilera denon onurarako egon behar da araututa; jatorria, urritasun-maila, erlijioa, joera afektibo-sexuala eta bestelako ezaugarriak edozein direla ere.

Era berean, Gasteizko alkateari erantzukizun politiko eta soziala eskatu nahi diogu, eta mesedez, Gasteizko herritar batzuenganako iritzi publiko xenofoboa sortzen duten irudi eta diskurtso politikoak emateari uzteko.

Uste dugu herri inklusibo bat ezinbestekoa dela elkarbizitza sustatzeko, eta horren alde borrokatuko dugu. Pertsona guztiok protagonista izango garen herri bat nahi dugu, udal politikek, arduradun politikoek eta haien diskurtsoek herritar gisa ditugun eskubideak errespetatuko dituzten herria.

Gasteiz anitz baten alde,

Harresiak Apurtuz, Etorkinei Laguntzeko Euskadiko GKEn Koordinakundea; Consejo Islámico del País Vasco, Tifisqui Elkartea, Safa Elkartea, Bidaya Elkartea eta Jatorkin Elkartea

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude