logo 20 aniversario-02

Harresiak Apurtuz erakundeak Amorebietan gertatutakoa gaitzetsi du eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu nahi dio tutoretzapeko haurren benetako beharrizanei erantzuteko

Bilbo, 2017ko abenduaren 13a

Amorebietako adingabeen zentroan sute bat sortu da. Horren aurrean, Harresiak Apurtuz, etorkinei laguntza emateko GKEen Euskadiko Koordinakundeak gertakaria publikoki gaitzetsi nahi du. Behin eta berriz esango dugu horrelako jarrerek ilundu egiten dutela foru zerbitzuek arreta ematen dieten adingabe gehienen ahalegina eta borondatea, euskal gizartean bakean bizitzeko aukera bat baino ez baitute nahi. Horrelako gertaera isolatuek ezin dute gizatalde oso bat kriminalizatu.

Amorebietako auzokideei gure elkartasuna adierazi nahi diegu, horrelako gertaera puntualak egon eta komunikabide eta alderdi politiko batzuek piztu nahi duten alarma soziala gorabehera, jarrera ulerkorra eta integratzailea mantentzen dutelako.

Urte batzuk daramatzagu Koordinakundearen baitan pertsona horiei eragiten dien arazoa lantzen. Erakunde mailan ere mahai gainen jarri nahi dugu gai hori, batez ere Bizkaiko Foru aldundiarekin lantzeko. Jakinarazpenen bidez argi adierazi ditugu pertsona horiek bizi dituzten egoerak; izan ere, haurren oinarrizko eskubideak urratzen dituzte, eta haur diren heinean, beste ezeren gainetik zaindu beharko genituzke eskubide horiek.

Esaterako:

  • Hezkuntzarako eskubidea ez dago guztiz bermatuta.
  • Etxebizitza duin bat lortu eta oinarrizko beharrizanak estaltzeko erraztasunak ematen dituzten politikak falta dira.
  • Osasun Sistemarako sarbidea zailtzen da.
  • Burokrazia gehiegizkoa dago baimenak lortu edo/eta berriztatzeko, administrazioak ezarritako trabak direla eta.
  • Lanbideren bidez laneratze baliabideak lortzeko irizpideak ez dira batere malguak.
  • Errolda lortzeko zailtasunak daude, hori oinarrizko eskubideak egikaritu ahal izateko oinarria izanik.
  • Beren garapen pertsonalean ez daukate oinarrizko erreferentzia afektiborik.

Errealitate horren aurren, BFAk hainbat plan garatu ditu ikuspuntu ekonomizista bat oinarri, errealitatea benetan zein den jakin gabe, eta azken finean, ez dira garatu. Gainera, azken hilabeteotan gazteak etengabe heltzen ari dira, eta gai horrekin oso kezkatuta gaude. Baliabide instituzional gutxi daude eta gehiegizko saturazio egoeretara heltzen ari dira.

Udalerri mailan, Udala da herritarren bizi-baldintza duinak bermatu eta herriko elkarbizitza zaintzeaz arduratu behar dena. Horregatik, funtsezkoa da gizarteratze politika publikoak martxan jartzea, haur horiek herriko bizitzan parte har dezaten. Era berean, elkarbizitza eta aniztasunaren ikuspuntuak lan-ildo guztietan txertatu behar dira: errolda, etxebizitza, hezkuntza, enplegua, aisialdia…

Duela gutxi gertatutakoaren ondoren, diskurtso eta jarrera xenofoboen aurka lan egiteko mekanismoak aktibatu behar dira, horiek baitira elkarbizitza baketsuaren etsai nagusiak.

Gainera, komunikabide batzuek gertaera jakin baten gainean egiten duten tratamendua salatu nahi dugu; errealitate oso mugatu baten berri zabaltzen dute, eta horrek ez du, inolaz ere, egoera desberdinen konplexutasuna ikusarazten. Iritzi publikoa sortzen duten gizarte eragile diren heinean, erantzukizunez jokatzeko eta 1959an onartutako Haurren Eskubideen Adierazpena errespetatzeko eskatu nahi diegu.

Harresiak Apurtuzen izenean, eta berau osatzen duten 60 erakundeekin hogei urtez lan egin ondoren, esan dezakegu oinarrizko eskubideak estaltzen direnean, hala nola aterpea eta elikadura, heziketa, maitasuna, arreta medikoa, aisialdia… haurren gizarteratze-prozesuak positiboak direla, gure seme-alaben kasuan gertatzen den moduan.

Azkenik, erakundeekin lan egiteko prest gaudela adierazi nahi dugu, errealitate horri erantzun erreala eta eraginkorra emate aldera. Haurren eskubideak errespeta daitezela, beste edozeren gainetik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude