Harresiak Apurtuz, elkarbizitza eta babes sozialaren aldeko DBE inklusibo baten alde

Estatu mailan, Administrazio Nagusiak argi erakutsi du pertsonenganako daukan konpromiso eskasa. Testuinguru horretan, gizarte babeserako euskal sistemak, Diru-sarrerak eta Gizarteratzea bermatzeari buruzko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen esparruan, ekimen aitzindari bat abiatu du. Aspektu batzuetan, salbuespenezko gai bat da, gizarte eta lan bazterkeria prebenitzera bideratutakoa, baita beharrezko baliabideak behar dituzten pertsonen gizarteratzea erraztera ere.

Harresiak Apurtuzen ondo ezagutzen ditugu Lege horren baitan burututako ekarpenak eta aspektu positiboak, baina uste dugu oraindik ere urrun gaudela horren oinarrian markatutako helburuak lortzetik. Koordinakundea osatzen duten hirurogeitik gora erakundeek kalean bertan garatutako eguneroko esperientzia eta lanaren arabera, ikus dezakegu egungo sistema ez dela nahikoa gizarte-bazterkeriaren arazoa arintzeko. Gaur egun, hainbat faktorek zaildu egiten dute gizarte-bazterkeria arriskuan dauden pertsona batzuek babes-mekanismoak erabili ahal izatea, esaterako, egoitza-denbora egiaztatu beharra, elkarbizitza-unitatea eratzea, hartzaileen eta administrazioaren arteko komunikazioa… eta egoera horiek larriagotu egiten dira krisi ekonomikoaren garaietan.

Horregatik guztiagatik, eta gizarte laguntzak arautzen dituen araudiaren erreforma egon daitekeela ikusita, Harresiak Apurtuzek, etorkinei laguntza emateko Euskadiko GKEen Koordinakundeak, uste du aspektu batzuk zaindu egin behar direla eta DBEren aukerak kualitatiboki hobetu behar direla, gizarte-bazterkeriaren aurka eta elkarbizitzaren babes sozialaren alde egiteko tresna den heinean.

Hauek dira proposamenak:

Gaur egun elkarbizitza unitateak zehazteko erabiltzen den formula aldatzea

Uste dugu beharrezkoa dela Elkarbizitza Unitate baten eraketa irizpideak argitu eta garatzea, orokorrean, baita Elkarbizitza Unitate bat berezitzat jotzeko kontuan hartzen diren salbuespen kasuak eta aspektuak ere. Horretarako, gure gizartean dauden familia motak kontuan izan behar direla uste dugu (pertsona bakarrekoak, ahaidetasunik gabeko pertsona askokoak, senideak izanagatik  ezkontide edo filiazio harremanik ez dutenak, familia bakarrekoak, familia ugarikoak). Zentzu horretan, aipatu behar da guraso bakarreko familiak ugaritzen ari direla, baita hainbat familia unitate elkartzen diren etxebizitzak ere, baliabide faltaren ondorioz.

Aurrekoarekin lotuta, uste dugu beharrezkoa dela irizpide objektiboak markatzea, pertsona edo familia independenteak bizi diren etxebizitzetan (hau da, elkarbizitza unitate bat baino gehiago) ezartzeko nork daukan prestazioa jasotzeko eskubidea eta zein baldintzatan, diskriminaziorik ez egoteko eta berdintasun irizpidea sendotzeko.

EAEko gutxieneko erroldatze epearen irizpidea aldatzea

 Harresiak Apurtuzen uste dugu kontuan hartu behar dugula etorkinentzat bereziki zaila dela erroldatze egoerak egiaztatzea, kasu askotan, dokumentazio faltagatik. Zentzu horretan, gutxieneko erroldatze denbora murriztearen alde egin nahi dugu , berriz ere urtebetekoa ezarriz, 2011ko aldaketaren aurretik jasota zegoen moduan. Era berean, EAEra heltzeko unea egiaztatzen duten bestelako dokumentu batzuk onartu beharra ikusten dugu, pertsona horiek erroldatzeko eskubidea izateko, hala nola, gizarte erakundeek emandako ziurtagiriak.

Horrekin batera eta etorkizunean egon daitezkeen erreformei begira, etorkinak laguntza ekonomikoak erakarrita etortzearen inguruko erreferentziak edo pentsaerak alde batera utzi nahiko genituzke. Konprobatuta dago laguntza horiek ez direla izan etorkinen xede nagusia, orokorrean.

Sistemaren kudeaketa hobetzea, irisgarritasuna eta gardentasuna ahalbidetuz

Sistemaren kudeaketa hobetze aldera, hiru proposamen egin behar ditugu. Batetik, pertsonek beren espedientea ikusteko aukera izan dezatela, DBE prestazioaren hartzaileen eskubide bat baita, eta Administrazioaren egitekoa. Bigarrenik, lengoaiaren argitasun eta gardentasuna hobetzea administrazioaren argumentazioetan, hartzaileek ondo ulertzeko moduan. Horrek erraztu egingo du erantzuteko edo behar dena eskatzeko ahalmena. Azkenik, jurisdikzio eremua deszentralizatu beharko litzateke, pertsonek beren egoitza lekuaren arabera egin ahal izateko erreklamazioak, eta ez erakunde kudeatzailearen egoitzaren arabera, hau da, Eusko Jaurlaritzaren arabera.

Azken finean, kontuan izanda aipatutakoaren garrantzia eta diru-sarreren bermerako sisteman egiten den aldaketa orok beharrizana duen jendearentzat dakartzan ondorioak, Harresiak Apurtuz erakundea modu koordinatuan lan egiteko prest agertzen da, errealitate honi erantzun eraginkor eta erreal bat emateko helburuarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude