Harresiak Apurtuz-ek publikoki salatu nahi du, datorren maiatzaren 22an, gure artean bizi diren herritarren zati bat baztertuta geldituko dela, bere eskubide politikoak erabili ezinik.

• Balorazio positiboa egiten dugu Bolivia, Txile, Cabo Verde, Kolonbia, Ekuador, Islandia, Paraguai, Peru, Norvegia eta Zelanda Berriko etorkinek azkenean ere beren eskubide politikoak erabili eta bizi diren udalerriko hautagaien aukeraketan parte hartu dezaketelako. Hala ere, eskubide hori udal esparrura mugatuta dago, eta beste erabakigune batzuetatik baztertuta geratzen da.

• Eskubide politikoak gauzatzeko orduan, pertsona guztien arteko berdintasuna egoteko eskatzen dugu, horien jatorria alde batera utzita.

Harresiak Apurtuz osatzen dugun erakunde guztien izenean, pertsona guztiei hiritartasun osoa aitortzeko eskatzen dugu, egiten diren hauteskundeetan botoa emateko eta hautagai izateko eskubidea izan dezaten.
Berdintasun politikorako bidea erabakigarria da benetako gizarteratzea bultzatzeko, atzerritarrak erabaki politikoetan partaide izanik, gizartearen etorkizunean esku hartu dezaten. Ezin da demokraziaz hitz egin, pertsonen ehuneko bat dagozkion erabakietatik baztertuta uzten denean.
Kultura arteko gizarteetan migrazio-fluxuak egiturazko faktoreak dira, ez abagunearen araberakoak; horregatik, berriz definitu beharra dago hiritartasun kontzeptua. Zentzu horretan, borroka sozial guztiak kontzeptu hori gainditzera bideratu behar dira, hiritartasuna Estatu-nazioak pertsonei ematen dien eskubide eta betebeharren estatutua den heinean.

Harresiak Apurtuz-ek apustua egiten du etorkinen parte-hartze zibiko, sozial, ekonomiko, kultural eta politikoa barne hartuko duen hiritartasunaren alde, non boto-eskubidea jarduera-oinarri sendoetan egituratuko den, eta ez hauteskunde kanpainako beste atal bat bezala.
HARRESIAK APURTUZ, Etorkinei Laguntzeko Euskadiko GKEn Koordinakundea
 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude