Harresiak Apurtuz-ek erabateko aldaketa eskatzen du EBren migrazio-politiketan, eta Espainiako Gobernuak Atzerritarren Lege Organikoa aldatzeko duen asmoa salatzen du.

  • Giza eskubideen errespetuan erreferente izan nahi duen EB eraikitzeak berekin dakar, aplikatzeko modua dela eta, eskubide horiek urratzen dituzten politikak, ekimenak eta tresnak berrikustea eta, hala badagokio, bertan behera uztea.

  • Atzerritarren Legea aldatzeko asmoak legezko bihurtu nahi du giza eskubideen urraketa. Horixe gertatu da, duela gutxi, Ceutan. Halaber, gizarteak eta politikariek gertaera horien aurrean adierazitako gaitzespenari ez dio jaramonik egiten.

Migrazioaren fenomenoa da herrialdeen arteko nahiz herrialde barruko desberdintasun ekonomiko eta sozialen frogarik argiena. Harresi geografiko, politiko, legal eta kulturalak eraikitzea oraindik ere kriminalizatzeko estrategia da, eta nazioarteko kapitalaren errentagarritasunaren izenean, giza eskubideak zapaltzen ditu. Noraino igoko dira inguratzen gaituzten harresiak?

Aurreko otsailaren 6an gertatutakoek berriro erakusten dute Europako eta Espainiako migrazio-politiken porrota. Politika horiek mugak blindatu nahi dituzte, eta neurriek alde batera uzten dituzte jatorriko herrialdeen errealitatea nahiz edozein gogoeta humanitario; eta hainbat kasutan, nazioartearen babesa eragozten dute.

Europako muga gogorrak kontrolatu eta zaintzeko edozein bitarteko erabiltzen da (kontzertinak, formatu eta altuera askotako hesiak, etab.). Hala ere, ez dute saihesten irregularren sarrera, eta migrazio-proiektuak erabaki minbera bihurtzen dira, bizitzak arriskuan jarrita. Halaber, etorkin irregularrei buruzko ikuspegi kriminalizatzailea eraikitzen laguntzen dute, eta jarrera arrazista eta xenofoboak pizten dituzte EBren barruan.

Zigorgabetasuna hegoaldeko mugan

Otsailaren 6an minez ikusi genuen 15 etorkinen heriotza, eta Ceutako lurrak zapaldu zituzten beste 23 etorkinen itzultzea. Nolanahi ere, gertaera larri hori ez da bakana izan. Ceuta eta Melillara heldutakoen kanporatze kolektiboak, prozeduran inolako bermerik gabe, legez kontrako praktika da. Azken urteotan egin izan da, eta hainbat gizarte taldek salatu dute, baita Espainiako Arartekoak ere.

“Beroko” itzultzeek babesa eragozten dute (abokatua eta interpretea izatea). Legeak hori bermatzen die asiloa eskatzen dutenei, gizakien salerosketaren biktimei eta adingabeei Espainiako lurraldera heldutakoan. Prozedura horrek Espainiako araudia eta Espainiak sinatutako nazioarteko itunak urratzen ditu. Izan ere, horien arabera, bizitzeko eskubidea bermatu behar da, baita jazarpenaren edo tratu anker edo iraingarriaren biktima izan daitezkeen lekuetara ez itzultzeko printzipioa ere, eta lege prozedura eta benetako errekurtsoa eskura izan beharko dituzte. Eskubide horiek jasota daude, besteak beste, Zigor Kodean, atzerritarren legedian, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean, Genevako Konbentzioan, Europako Oinarrizko Eskubideen Gutunean eta itsasoko laguntzari buruzko nazioarteko hitzarmenetan.

Dena dela, ankerkeria horren aurreko erantzukizunak desagertu dira zarata politiko eta mediatikoaren barruan. Espainiako Gobernuaren estrategia etorkinak kriminalizatzean oinarritzen da, eta mehatxuaren eta “inbasioagatiko” beldurraren pertzepzioa elikatzen ari dira komunikabideen bitartez.

Zentzu horretan, Espainiako Gobernuari eta alderdi politikoei eskatzen diegu diskurtso tremendistak eta mezu bidegabeak utzi ditzatela. Izan ere, etorkinak susmopean uzten dituzte, eta immigrazioa arazotzat jotzen dute. Diskurtso horiek estereotipo baztertzaileak indartzen dituzte, eta ideia eta ekintza arrazista eta xenofoboak sortu eta nabarmentzeko aukerak areagotzen dituzte, eta horiek ezin dira onartu Zuzenbidezko Estatu batean.

“Frontex” Kanpoko Mugak Kontrolatzeko Europako Agentziaren arabera, 5.800 lagun sartu dira penintsulan 2013an, eta Europa osoan, 100.000 inguru. Espainian sartzen saiatzen ari direnak gutxiengoa dira munduan gertatzen ari diren derrigorrezko desplazamenduen kopuruarekin alderatuta. Askotan, gatazkengatik izaten dira, eta horietan Europak erantzukizun handia dauka.


Giza eskubideei dagokienean

Testuinguru horren aurrean, hauxe eskatzen dugu:

  • EBren migrazio-politikak erabat aldatzea; halaber, indarrean dagoen estatuko eta nazioarteko araudiaren errespetu osoa.

  • EBk ez dezala mugen zaintza kanpora atera, edo ez diezaiela giza eskubideen babesean dudazko erreputazioa duten herrialdeei talde ahulenen zaintza eman.

  • Atzerritarren Legea indargabetzea, oso politika instituzional baztertzaile eta zapaltzaileak legitimatzeko elementua baita, eta Espainiako Estatuan Atzerritarren legediaren aldaketa eragoztea. Izan ere, Gobernu zentralak bere asmoa agertu du, Ceutan otsailaren 6an gertatutakoak legezkotzat jo ahal daitezen.

  • Marokoko Estatura kanporatze eta itzultzeari buruzko Espainiako politika berrikustea, batez ere 2012an “berriz onartzeko” aldebiko hitzarmena indarrean sartu zenetik.

  • Giza eskubideen bermea atzerritarrak Aldi baterako Barneratzeko Zentroan sartzen dituzten pertsona guztientzat.

  • Hirugarren sektoreko hainbat erakunderen behaketa eta salaketa lanari errespetua, giza eskubideen alde eta immigrazio eta atzerritartasun eremuan borrokatzen ari baitira.

Une honetan, Europako Batzordea etorkizuneko bere migrazio-politikaren ildo nagusien diseinua berrikusten ari da. Hori dela eta, kontuan hartu behar dituzte Migratzaileen Giza Eskubideetarako Nazio Batuetako Idazkariak adierazitako gomendioak, baita gizarte zibileko hainbat erakunderenak ere.

Era berean, komunikabideen gizarte erantzukizuna eskatu nahi dugu, hizkuntza erabili dezaten kohesioaren eta elkarbizitzaren alde. Horretarako, gobernuko eta gobernuz kanpoko iturriak erabili, gizarte fenomenoen arrazoiak aztertu, gertaera isolatuak aurkeztu beharrean, eta egiazko informazio arduratsua eman behar dute.

Azkenik, Harresiak Apurtuz-ek adierazi nahi du irregulartasun administratiboa ezin dela aitzakia izan pertsonen duintasunari kalte egiteko edo beren eskubideak urratzeko. Errespetua da gizarte anitz eta askotarikoaren ongizateari modu positiboan laguntzeko, Legearen aurrean guztiok berdintzen gaituen justiziarekin.

HARRESIAK APURTUZ, Etorkinei Laguntzeko Euskadiko GKEn Koordinakundea.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude