FERINEk estatu mailan sustatutako mobilizazioen egunaren esparruan, pertsona guztientzako osasun eskubidea aldarrikatuz,Harresiak Apurtuz, Etorkinen aldeko Euskadiko GKEn Koordinakundeak, eta SOS Arrazakeria taldeak Gobernuak inposatutako 16/2012 ED indarrean sartzea salatu nahi dute, eta herritar guztiak gonbidatzen dituzte abuztuaren 31n mobilizazioa egitera, pertsona guztientzako osasun publikoaren eskubidearen alde

 

Krisiaren aitzakian, Gobernu zentralak 16/2012 Errege Dekretua inposatu du. Horren bidez, Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta zerbitzuen kalitate eta segurtasuna hobetzeko neurri urgenteak ezartzen dira.

 

Irailaren 1etik aurrera, Lege Errege Dekretuak osasun arreta izateko eskubidea kenduko die Espainian bizitzeko baimenik ez duten atzerritarrei, herritarren zati bat; salbuespen batzuekin. Baina Dekretu honen helmena askoz handiagoa izango da: Gizarte osoari eragiten dio, eta gizarte-eredu baztertzaile bat definitzen du. Baliteke egoera arautuan dauden bertako pertsona eta etorkin asko osasun estaldura zabal batetik kanpo geratzea, egoera laboral eta pertsonalaren arabera. Ez gaitzatela engainatu.

Horregatik, publikoki salatu nahi dugu 16/2012 Errege Dekretuak:

– Kohesio sozialaren aurka egiten duela. Osasun eskubidearen murrizketak ongizate sistemaren bermerik oinarrizkoena fagozitatzen du; eta unibertsala izan behar duen zerbitzu bat pribatizatzearen aldeko maniobra politiko bat ezkutatzen du.

– Errege Dekretu hau kontraesan bat da nazioarteko aitorpen oinarrizkoenekiko, eta Espainiako Konstituzioak berak emandako bermeekiko. Dudarik gabe, ez dago berdintasunik, Estatuak giza eskubide oinarrizkoen bortxaketak bultzatu eta legitimatzen dituen unetik; iritzi publikoa manipulatu egiten da, diskurtso xenofoboak zabalduz, eta horiek, krisi ekonomiko garaian egonik, gizartean errotzeko aukera handiak dituzte.

– Egoera irregularrean dauden etorkinei prebentziorako medikuntza mugatzen die, eta medikamentuen kostu osoa ordaindu beharra daukate. Horren ondorioz, patologia larri edo kronikoak dauzkaten pertsonen (GIB, tuberkulosia eta antzekoak) osasun egoera akutuago bihurtuko da, eta arreta ematen zaionean, beranduegi izan daiteke. Ohiko tratamendua edo prebentiboa ez izateak ospitaleratze gehiago egotea ekarriko du, eta horrek kostu handiagoak edukiko ditu osasun publikoarentzat.

 

 

Osasun eskubidea EAEn

Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritza Gobernu Zentralak emandako Errege Dekretuan jasota dauden neurriak aplikatzearen kontra posizionatu da. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ekainaren 26an argitaratu zuen “Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Sistema Nazionaleko Sistemaren osasun prestazioen Erregimenari” buruzko 114/2012 Dekretuarekin, beste aldagai bat sartzen da jokoan.

Kezkaz ikusi dugu lehen ez zegoen ezaugarri berri bat sartu dutela EAEn osasun zerbitzu publikoak jaso ahal izateko: ohiko etxebizitza dagoen EAEko edozein udalerritan erroldatuta egotea, gutxienez, urtebetez, eskubidea jasotzeko eskaera aurkezten denean.

Jarraikako erroldatze horren eskaerak esan nahi du pertsona atzerritar askok urtebete baino dezente gehiago itxaron beharko dutela osasun publikorako sarbidea izan ahal izateko, kontuan edukita erroldan sartzeko dauzkaten zailtasunak eta ohiko bizilekua zein den frogatzeko beste aukerarik ez dagoela.

Gobernu zentralak emandako 16/2012 Errege Dekretuarekin planteatzen den erreformaren aurrean, zera eskatzen dugu:

Espainiako Estatuari

– Errege Dekretua indargabetzeko eta pertsona guztientzako osasun eskubide osoak bermatzeko.
– Murrizketa sozialak dakartzan neurri oro indargabetzeko, batez ere, gizarteko pertsona pobretu eta ahulenen kontrakoak direnak.

Eusko Jaurlaritzari

– Euskal instituzioen izenean, adorez eta irmotasunez, pertsona guztien Osasun Eskubidea defendatzeko, egoera administratiboa edozein dela ere. Errege Dekretua aplikatzeari uko egiten zion adierazpenak betetzeko, eta pertsona guztiei osasun arreta bermatzeko, urtebeteko errolda ez izan arren. Defentsa honetan edozein zalantza erakustea kaltegarria izango da gizarte osoarentzat.

 

 

Medikuei

– Errege Dekretuak ezartzen dituen neurriekiko intsumisioa adierazi dezatela, eta hala behar duten pertsona guztiei osasun-arreta ematea bermatu dezatela.

Etorkin guztiei

– Osasun zentroetara joan eta normaltasun osoz arreta eskatzen jarrai dezatela.
– Ahotsa altxa dezatela Errege Dekretu horren aurka, osasun zentroetan dauden bide administratiboak erabiliz eta gizarte-talde desberdinen izenean antolatzen diren ekintzen bidez.

Herritar guztiei

– Murrizketen konplize izan ez daitezen eskatu nahi diegu.
– Mobilizazioetan parte hartu dezatela.

 

 

Elkarretaratzea Bilbon

FERINEK (Federación Estatal de Asociaciones de Inmigrantes y Refugiados en España) 16/2012 ED indarrean sartzeak ekarriko duen osasun eskubidearen murrizketen aurka bultzatutako nazio mailako mobilizazio kanpaina baten barruan,Harresiak Apurtuz eta SOS Arrazakeria erakundeek herritar guztiei deialdia egin nahi diete elkarretaratze bat egiteko: datorren ostiralean, abuztuak 31, 20:00etan Arriaga Plazan.

Osasunaren eskubidea eskubide unibertsala da, pertsona guztiena salbuespenik gabe, eta elkarretaratze horren bidez berdintasunaren eta diskriminazio ezaren alde daukagun konpromisoa hartzera deitu nahi dugu.

ESKUBIDE GUZTIAK PERTSONA GUZTIENTZAT.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude