image003

Europa itotzear da lotsaten itsasoan

Oinarrizko Eskubideen Gutuna, 2. artikulua:
“Pertsona orok du bizitzeko eskubidea”

 

Ba al da bizitza bera baino gauza garrantzitsuagorik? Nork onartuko lituzke legez hain garrantzitsua den bizitzaren kontrako ekintza edo erabakiak? Haserrearen haserrez, europar garen heinean, ozen aldarrikatu nahi dugu HORREK SEKULA EZ DUELA GURE ONARPENA IZAN/IZANGO. Basakeriaren lekuko mutu izateari uzteko unea dela uste dugu. Izango al zara zeu lekuko?

 

Inoiz pentsatu al duzu zein den mendebaldeko herrialdeen erantzukizuna gerra, gosea, jazarpena eta indarkeria nagusi diren egoeretan? Biztanleak euren herrialdetatik kanporatu eta gureetan sartzen uzten ez zaien egoeretan?

Urtero, gatazken, jazarpenaren eta pobreziaren eraginez, euren etxe eta familiak atzean utzi behar izaten dituzte milioika pertsonek mundu osoko txoko ezberdinetan. Portzentaje txiki batek babesa eta bizi hobea bilatzen ditu EBeko estatu kideetako batean, nahiz eta Batasuna hori saihesten saiatu, hartarako edozein bide baliatuz: giza baliabideak zein ekonomikoak. Zoritxarrez, milaka bizi galtzen ari dira Europa gai ez delako pertsona migratzaile, errefuxiatu eta asilo-eskatzaileen eskubideak babesteko. Gobernuek esparru honetan sinatutako nazioarteko hitzarmenak sistematikoki urratzen ari dira. Itsasoak odolez tindatzen ari da Europa.

Baina, segurtasunezko “mozorroak” jarraitzen du immigrazioaren kudeaketaz diharduten diskurtso politikoak betetzen. Geure buruari galdetzen diogu zer nolako segurtasuna den haien ahotan dagoena; izan ere, hondamendi natural, gerra edo pobreziatik ihesi doazen pertsonak izan beharko bailukete bizitza bermatuko duen segurtasun horren lehentasunezko hartzaile. Nazkatuta gaude “migrazio olatuak” gertatzen direnean txertatzen diguten alarma nahasgarri eta faltsu hori entzuteaz, eta gure gizarteetan izango lukeen eragin okerra aditzeaz. Eta hori guztia, zertarako? Egiazko biktimak kriminalizatzen dituzten politikak justifikatzeko.
Zoritxarrez, ez da ezer aldatuko; ez behintzat guk, Europako hiritarrok, eskubide eta justizia sozialera bidean aurrera pauso bat ematen ez badugu. Itsasoetan bizia arriskatzen duten pertsonak gizakiak dira; izen-abizenak, seme-alabak, anai-arrebak dituzten pertsonak… Bizi hobe baten bila borrokatzea ez da mehatxua, kontrakoa baizik. Errespetuz jasotako borroka izan behar du, babestua eta gobernatzen gaituzten pertsonen bermea izango duena. Egungo gizarteak ezberdinak dira elkarren artean, eta inklusioak izan behar du politika guztien oinarri, tokian tokiko mailan zein mundu mailan agintzen duten politiken oinarri. Garaia heldu da dagozkigun gizarte erantzukizuna eta erantzukizun politikoa geure gain hartzeko.
Europan lidergo ausarta agertzeko ordua da; disuasio-politika ankerrak alde batera utzita, onartu ezin daitezkeen kostuak besterik ez baitakartzate, bai giza bizitzei, bai sufrimenduari, bai Giza Eskubideei dagokienez. Etorkinak erreskatatzeari uzteak ez du immigrazioa murriztu, ez du trafikoa murriztu, itsasoan heriotzak ugaritu besterik ez du egin. Esperientziak erakutsi digunez, itxitako mugek ez dituzte migrazio-fluxuak desagerrarazten;, lekuz aldatu besterik ez dituzte egiten; exodo hau bide luzeago eta arriskutsuago bilakatzen dute beti, eta gizakien salerosketa-merkatuak erraztu.
Testuinguru honetan, legezko neurriak hartu behar dira berehala, egoera honen norabidea aldatu eta giza eskubideak bermatzeko. Genozidio honi lepoa emateak agerian utziko luke Europak muzin egiten diela sortu zen garaiko baloreei, hala nola, herrien arteko elkartasunari eta giza eskubideen defentsari.
Gaur, gure itsasoetan gertatzen diren hainbat eta hainbat heriotza ikusita, lotsa eta amorruz beteta gaude, Europako herritar garen heinean. Mediterraneoan eta Egeo itsasoan bilaketa eta salbamendu operazioak indartu daitezen eskatzen dugu; EBean sartzeko legezko bide seguruak has daitezen, hala itsaso nola aire bidezkoak. Halaber, EBeko migrazio politikak birplanteatu daitezela exijitzen dugu, erkidegoz kanpoko legezko immigrazioa ahalbidetzeko; familiak berriz elkartzeko bideak sor daitezela eskatzen dugu, familiarekin elkartzeko inoiz inork bere bizia arriskuan jarri behar izan ez dezan; eta bisa politikaren berrikusketa sakona egin dadila eskatzen dugu, gatazka guneetan bisa humanitarioa edo asilo-bisa egin ahal izan dezaten EBeko edozein herrialdeko bulego kontsularretan.
Eta horren guztiaren gainetik, uste dugu guztion artean bestelako Europar Batasun bat sustatu dezakegula. EB konprometitua, Genevako Konbentzioan Errefuxiatuei eta Giza Eskubideei dagokienez jasotako betebeharrak konplituko dituena, eta, elkartasunean oinarrituta, giza beharrizanei erantzuteko gai izango dena.

 

Nahikoa da, heriotza gehiagorik ez gure itsasoetan
Europa arduratsu eta solidario baten alde
Europa itotzear da lotsaren itsasoan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude