Ekainaren 22an Guztion Kultur arteko XII Topaketa izango da Barakaldon

 

  • Topaketa horren helburua etorkinak eta errefuxiatuak ikusaraztea da, kontzientzia sustatu eta ukazioa eta eskubideen murrizketak salatzea.
  • Gizarte mobilizazioa, ikusaraztea, borroka kolektiboa eta gizarte bidezkoago bat aldarrikatzea denon ardura da, eta talde moduan indarra ematen digu eta helburu partekatu bat lortzera bideratzen gaitu.

Euskal gizartea anitz eta askotarikoa da. Etorkinak eta asiloa emandako pertsonak gizarte honen funtsezko zati bat dira, eta hala erakusten dute egunez egun beren parte-hartzearen bidez, herritar bezala dagozkien betebeharrak betez eta guztion eskubideak aldarrikatuz.

Harresiak Apurtuz-en pertsonengan zentratzen den gizarte baten alde lan egiten dugu. Bizi-kalitatearen hobekuntza, justizia eta berdintasun sozialaren kuotak handitzea eta iraunkorrak izatea lortzea helburu nagusitzat izango dituen gizartea. Hala ere, krisi globala gizarte murrizketak eta orokorrean politika publikoen gogortzea justifikatzeko baliabiderik onena bihurtu da, eta pertsonarik ahulenak dira kaltetuenak.

Azken urteetan, Euskadin bizi garen guztiok Ongizate Estatuaren gainbehera prozesuaren lekuko izan gara. Egoera horren aurrean, pertsona guztion eskubideak aitortuko dituen Ongizate Estatu bat aldarrikatzen ari gara; eskubideak pertsonon jaiotzetiko ezaugarriak baitira. Era berean, asistentzia hutsezkoa den edozein tratamendu alde batera uzten dugu, izan ere, tratamendu mota horien bidez, babesgabetasun egoeran dauden pertsonei ematen zaien onarpena elkartasun edo karitate izaerakoa baino ez da.

Horregatik, urtez urte ari gara gogorarazten erakundeak eta legeria bera direla -Atzerritarren Legea eta horri buruzko Araudia batez ere- herritarren zati baten diskriminazioa legitimatzen dutenak, kategoriak sortuz, kohesio sozialaren kontra eginez, eta etorkinak eta egoera administratiboagatik edo babesgabetasun egoeragatik asiloa eman zaien pertsonak kriminalizatuz.

Mundu bereko Auzokideak

 

Topaketa honek 12 urteko ibilbidea egin du, eta 2012an 1.200 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte. 2013ko edizioan Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Barakaldoko Udalaren laguntza izan du, baita hiru lurralde historikoetako 100 gizarte-erakunde eta etorkinen talde baino gehiagoren inplikazio baliotsua ere.

Jardunaldia Barakaldon izango da, eta bere aldarrikapenak hiru aspekturen inguruan zentratzen dira: a) Etorkinen eta asiloa eman zaien pertsonen eskubideen aitortza; eta b) babesgabe dauden pertsonen eta horien eskubideen alde lan egiten duten gizarte erakundeei eragiten dieten gizarte murrizketen aurkako salaketa.

Esparru horretan, eta gizarte bidezkoago, inklusiboago, anitzago eta parte-hartzaileagoa lortzeko helburuarekin:

  • Ongizate gizartearen defentsan, maila guztietan (estatu mailan, autonomia, foru eta herri mailan) egiten ari diren murrizketa sozialak baztertu eta salatzen ditugu, eraginkorrak ez izateaz gain, bidegabeak eta ez solidarioak direlako.

Ongizate Estatua defendatzen dugu eta azpimarratzen dugu murrizketa horiekin ez dela benetan gastuan aurrezten, eta herritarrak kalitatezko arreta publikorik gabe geratzen direla, bereziki talderik babesgabeenak.

 

  • Erakundeek araudien bidez egiten duten diskriminazioa etetea nahi dugu, eta beraz, Atzerritartasun Legea indargabetzea, pertsonen kategorizazioaren ardatz nagusia den heinean; era berean, pertsona guztion eskubideen aitorpenean negatiboki eragiten duen beste edozein lege ere indargabetzeko eskatzen dugu.

* 16/2012 Errege Dekretua indargabetzeko eskatzen dugu, osasun-arretarik gabe uzten baititu egoera irregularrean dauden etorkinak eta pertsona horiek dagoeneko bizi duten babesgabetasun egoera larriagotzen baitu.

* Zigor Kodearen erreforma salatzen dugu, abegi ona kriminalizatu nahi duelako, 318bis artikulu berriaren bidez. Artikulu horrek parekatu egiten ditu gure lurraldean egoera irregularrean dauden pertsonekiko elkartasun, abegi on eta laguntza keinuak jarrera bidegabe eta ezmoralekin.

* Atzerritarrak Sartzeko Zentroak desegiteko eskatzen dugu, egiten duten gauza bakarra huts administratibo soil bat egin duten pertsonei askatasuna kentzea baita.

* Europar Batasunaren eta hirugarren herrialdeen arteko Kaleratze-hitzarmenak eta mota horretako akordioen negoziazioak salatzen ditugu.

* Immigrazio eta asiloaren aurkako aurreiritzi eta estereotipo negatiboak sendotzen dituzten diskurtso politiko eta mediatikoak salatzen ditugu, pertsona horiek eta bizi duten babesgabetasun egoera kriminalizatu egiten baitituzte.

Gure proposamenak

Harresiak Apurtuz-en izenean, gizarte eragile guztiei deia egin nahi diegu jarduera-ildo hauek garapen eta finkatzearen alde lan egiteko:

  •  Immigrazio eta asilo politika inklusiboak kudeatzea, batez ere gizarte eragile guztien artean definitutakoak, eta talde horien oinarrizko eskubideak bermatzen dituztenak; aniztasuna eta elkarbizitzaren sustapena gehitzen dituzte, norabide biko integrazioa sustatzeko elementu bezala.
  • Immigrazioa generoaren ikuspuntutik ere kudeatzea. Horrela gizon eta emakumeentzako aukera eta betebehar berdintasuna landu eta hori sozialki, lan arloan, arlo pertsonalean eta familia mailan garatuko da.
  • Asilo eskubidea aitortzeko eskatzen dugu, Nazioarteko Akordioek eta Espainiako Asilo Legeak ezartzen duten bezala; arreta berezia emanez arrazoi hauengatik jazarritako pertsonei: generoa, sexu-joera edo genero-identitatean oinarritutakoak.
  • Lagunduta ez dauden adin txikiko etorkinen eskubideak aitortzeko eskatzen dugu; nabarmendu nahi dugu adin txikikoak direla, eta beren gizarteratze-prozesuarekin lotutako proiektua gauzatu behar dela
  • Etxegabetasuna erauztea, eta etxebizitza lortu eta mantendu ahal izatea pertsona guztientzako gizarte-babesaren oinarrizko elementua izatea.
  • Elkarteen arteko sarearen egitekoa aitortzea berdintasunean oinarritutako bidezko gizarte baten eraikuntzan gizarte-eragile eta solaskide politiko garrantzitsua izateagatik, eta horien iraunkortasunaren aldeko apustua egitea.
  • Giza eskubide eta kultura aniztasunaren arloan herritarrak heztea, pertsona guztien aitorpena sustatzeko, gizarteko eragile aktibo bezala.

HARRESIAK APURTUZ, Etorkinei Laguntza Emateko Euskadiko GKEen Koordinakundeak, topaketa honetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituzte.

Era berean, elkartrukerako, topaketarako eta aldarrikapenerako espazioak sustatzen jarraitzeko asmoa daukagu, pertsona GUZTIAK aintzat hartzeko eta eskubideak GUZTIONAK izan daitezen lortzeko.

HARRESIAK APURTUZ, Etorkinei Laguntzeko Euskadiko GKEn Koordinakundea.
www.harresiak.org
https://www.facebook.com/harresiak.apurtuz
https://twitter.com/HarresiakApurtu

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude