refugees-1186359_960_720

Ekainaren 20a, errefuxiatuen nazioarteko eguna

Ekainaren 20a Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta, ikusita Europan askatasun eta segurtasun bila dabiltzan migratzaile eta errefuxiatuen egoera larria, Harresiak Apurtuzen izenean (etorkinei laguntzako ematen dieten Euskadiko Gobernuz kanpoko Erakundeen Koordinakundea) ohartarazi nahi dugu migrazio eta asilo arloko Europako politikak aldatu egin behar direla berehala, pertsona horien eskubideen urraketa gehiagorik ez egoteko, babes-egoera bermatzeko eta Europa eta nazioarte mailako legea zehatz-mehatz betetzeko.

Orain, inoiz baino gehiago, gogorarazi nahi dugu martxoan Europar Batasunaren eta Turkiaren artean hartutako akordioak nazioarteko eta Europako hitzarmenak urratzen dituela eta Europar Batasunaren sorrerako oinarrizko balioen aurka egiten duela. Egoera horretan, Europa sozial eta anitza berreskuratu nahi dugu, Giza Eskubideak bermatu eta pertsona guztiei lekua egingo diena.

Horregatik, uste dugu ez dela unea beste alde batera begiratu eta erantzukizunak kanpoan jartzeko. Elkarrekin lan egin behar dugu eremu politiko guztietatik, aldaketa hori posible izan dadin. Europa mailan, pertsonak babesteko eta oinarrizko eskubideak betearazteko immigrazio eta asilo politikak garatu; Estatu mailan, Europar Batasunaren eta Turkiaren arteko akordioarekiko ezadostasuna adierazi, akordio hori indargabetzeko eskatuz eta migratzaile eta errefuxiatuei harrera egiteko sistema sendotuz; eta azkenik, erkidego mailan, Europar Batasunari eta estatu osoari neurri horiek betetzeko eta aniztasuna eta elkarbizitza sustatzeko politika publikoak eskatuz.

Gizarte aktibo eta konprometitu baten aldeko apustua egin nahi dugu; ekintzarik eza eta eskubideen urraketa salatuko dituen gizarte bat; gobernuei denon onerako lan egin dezaten eskatuko diena,  politika publikoetan eragin eta jende guztia migratzaile eta errefuxiatuen egoeraren inguruan sentsibilizatzeko.  Azken hilabeteetan ikusi dugu apustu hori posible dela.

Horregatik guztiagatik, Harresiak Apurtuzek honako eskaerak egin nahi dizkie administrazioei, bakoitzari dagozkion eskumenen barruan:

  1. Garapenerako laguntza ofiziala handitzeko, migrazio-fluxuen kontroletik bereiziz.
  2. Errefuxiatuen joan-etorriak seguruak izateko legeak egokituko dituzten migrazio-politikak ezarri eta garatzeko, interes ekonomiko, partidista eta hauteskundeetara begirako interesak alde batera utziz.
  3. Errefuxiatuei harrera egiteko izapideak arintzeko.
  4. Elkarbizitzaren aldeko politikak sustatzeko, aniztasunaren kudeaketa positiboa egitea, gizartearen aberastasun iturri gisa ulertuz eta belaunaldien arteko elkarrizketa bideratzea, arrazakeria eta xenofobiaren aurka.
  5. Etorkin, errefuxiatu eta asilodunen egoeraren inguruko informazio eta sentsibilizazio kanpainak ematea harrera egingo duen gizartean.

Azken finean, Harresiak Apurtuzek gizarte inklusibo bat eraikitzeko apustua berretsi du, pertsona guztiok lekua izango dugun gizartea, aukera, eskubide eta betebehar berdinekin. Benetako bakearen kultura, Giza Eskubideekiko errespetuan eta elkartasun eta justizia sozialaren sustapenean oinarrituta, pertsonen jatorria edozein dela ere, eta elkartasuna eta justizia soziala sustatzeko.

 

HARRESIAK APURTUZ

Etorkinei laguntza emateko Euskadiko GKEen Koordinakundea

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude