Berdintasuna: Mundua mugiarazten duen motorra

Gaur, abenduak 18, Migratzaileen eta beren Familien Nazioarteko eguna da; hori dela eta, herri inklusibo bat aldarrikatu nahi dugu, pertsona guztion eskubideak aitortuko dituena eta gizarte moduan aurrera egiteko bide bakarra berdintasuna dela ziurtatuko duena

2018ko abend

Migrazioak gizateria bera bezain zaharrak dira; errealitate poliedriko, konplexu, egonkor, aberasgarri eta positiboa irudikatzen dute. Hogei urteko bizia dugu dagoeneko; EAEn bizi diren migratzaileen bizimodu eta garapenari buruzko xehetasunez beteriko ikuspegi historiko zabala izateko nahikoa.

Zentzu horretan, eta abenduaren 18aren harira, Ongizatearen Gizarteak apurka-apurka izandako narriadura eta politika publikoen gogortzea salatu nahi ditugu; izan ere, eragin negatibo horiek pertsona babesgabeenek sufritzen dituzte eta kolektibo oso bat kriminalizatzen dute.   Sinetsi egin nahi dugu eta sinesten dugu egungo egoera soziopolitikoa aukera ona dela aldaketarako, denon artean eraikitzeko, pertsonak eta eskubideak ardatz izango dituzten politiken aldeko eta horietan parte hartuko duten herritarren aldeko apustua egiteko. Herri inklusiboak sortzeko lanari ekin behar diogu, migratzaileak eta asilodunak eskubide osoko herritar bezala aitortzeko, xenofobia politiko eta sozialik egon ez dadin.

Gauzak horrela, orokorrean gizarte osoari jakinarazi nahi dizkiogu gure eskakizunak eta ekintza-proposamenak:

  • Oinarrizko Giza Eskubideak zorrozki errespeta daitezela eskatzen dugu, baita aniztasuna aitor dadila ere, gizartean aberastasuna sortzeaz gain, bakearen bizikidetza sustatzen baitu.
  • Atzerritarren Legeak eta horri buruzko Araudiak herritarren zati baten diskriminazioa legitimatzen jarraitzen dute, kategoriak sortuz, kohesio sozialaren kontra eginez, eta etorkinak eta egoera administratiboagatik edo babesgabetasun egoeragatik asiloa eman zaien pertsonak kriminalizatuz. Lege hori indargabetzeko eskatzen dugu.
  • Migrazio eta asilo arloko politika inklusiboak eskatzen ditugu, pertsonak eta eskubideak oinarritzat hartuko dituztenak. Era berean, mugetan sarbide seguruak jartzeko eskatzen dugu, eta Europak harreraren inguruan bere gain hartutako konpromisoak bete ditzala.
  • Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa alde batera uzteko eskatzen dugu, Mordaza Legea izenez ezagutzen dugun Legea, eskubide zibilak eta askatasun publikoa murrizteko saiakera bat baita. Batetik, tutoretza judizial eraginkorraren eskubidea eta asilo eskubidea urratzen ditu, “bero-beroan egindako itzulketak” legitimatuz.
  • Ongizate Estatu bat aldarrikatzen dugu, pertsona guztien eskubideak aitortzen dituena. Gizarte-babesari esker lor dezakegu pertsona horiek bizimodu duinagoa izatea eta ezinbestekoa da Euskadiko gizarte-babesaren sistema bermatuta egotea, baldintzarik gabe. Gure gizarte-testuinguruaren ezaugarrietako bat aniztasuna da, beraz, euskal erakundeei eskatu nahi diegu politika publiko inklusiboak sor ditzaten, pertsona guztien beharrizanei erantzuna emateko eta bakea eta berdintasun sustatzeko.
  • Migratzaileei buruzko estereotipo negatiboak eta gorrotoa sustatzen duten jarrerak sendotzen laguntzen duten diskurtso politiko eta mediatikoak salatzen ditugu. Era berean, komunikabideen gizarte erantzukizuna eskatu nahi dugu, informazio zehatzetan oinarritutako mezuan zabal daitezen.
  • Osasun eskubide unibertsala errespetatzeko eskatzen dugu, pertsona guztiek kalitatezko eta doako osasun arreta jasotzeko aukera izan dezaten. Pertsona askok erroldatzeko dauzkaten zailtasunak ikusita, EAEko 114/2012 Dekretuaren baldintza hau kentzeko eskatzen dugu: osasun txartela eskatzeko urtebeteko errolda eduki behar izatea.
  • Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria edukitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Etxerik gabeko pertsonei arreta emateko estrategia global eta integral bat garatu behar dugu Euskadin; prebentzio, laguntza eta inklusioaren ikuspuntutik. Horretarako, sistema publikoek esku hartu behar dute.
  • Lagunduta ez dauden adingabeko etorkinen eskubideak aitortzeko eskatzen dugu; nabarmendu nahi dugu adin txikikoak direla, eta beren gizarteratze-prozesuarekin lotutako proiektua gauzatu behar dela.
  • Immigrazioa generoaren ikuspuntutik ere kudeatzea. Horrela gizon eta emakumeentzako aukera eta betebehar berdintasuna landu eta hori sozialki, lan arloan, arlo pertsonalean eta familia mailan garatuko da.
  • Elkarteen arteko sarearen egitekoa aitortzea berdintasunean oinarritutako bidezko gizarte baten eraikuntzan gizarte-eragile eta solaskide politiko garrantzitsua izateagatik. Euskadiko Hirugarren Gizarte Sektoreari buruzko 6/2016 Legea garatu behar da: Sustapenerako estrategia eta Hirugarren Gizarte Sektorearen Euskal Behatokia martxan jartzea.

Azken finean, berdintasunaz eta elkarbizitzaz hitz egitea imajina dezakegun gizarterik onenaz hitz egitea da; Harresiak Apurtuz erakundeko kideok egunero begiratzen diogu helburu horri. Koordinakundearen izenean, gizarte ireki eta anitzaren aldeko apustua egin nahi dugu; horrela, bizi-kalitatea hobetu eta justizia eta berdintasun sozialaren eta iraunkorraren kuotak handitzea lortu nahi dugu.

HARRESIAK APURTUZ

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude