Azaroaren 15ean Guztion Kultur arteko VIII Topaketa izango da Durangon

Atzeraldi ekonomikoaren aitzakiaz, migrazio arloko politika gogortzen ari da, eta horrek ondorio larriak dakartza: egoera irregularrean dauden etorkinenganako presio poliziala; familia batzeko baimenak lortu edo baimen horiek berritzeko baldintzak zorroztea; edota egungo Atzerritarren Legearen erreforma-prozesua. Azken horrek oinarrizko eskubideak murriztu eta lege-hauste administratiboen kopurua handitu du.

Etorkinak herrialdeen arteko nahiz herrialde barruko desberdintasun ekonomiko eta sozialen froga dira. Harresi geografiko, politiko eta kulturalak eraikitzea kriminalizatzeko estrategia bat da, eta nazioarteko kapitalaren errentagarritasunaren izenean, giza eskubideak zapaltzen ditu. Horretarako, jazarpena, zigorra eta deportazioa erabiltzen dira; atxiloketa arbitrarioak, mugetako polizien zigorgabetasuna eta internamendu-zentroak erabiltzen dira, eta giza eskubideen bortxaketa eguneroko ogia da bertan.

Mundu bereko Auzokideak

Jardunaldia Durangon izango da eta aldarrikapenen muina zera da: etorkinak eskubideak dituzten pertsonak direla aitortzea, eta ez gutxi batzuen beharrizan ekonomikoen mende dagoen eskulan soila. Zigor Kodean egin den aldaketa gaitzetsi nahi dugu, izan ere, kalean saltzea debekatzen du eta ez du erakusten errespeturik Estatuko zentroetan bidegabeki dauden egoera irregularreko etorkinenganako.

Horretaz gain, adierazpen hauek egin nahi ditugu:

– Immigrazio politika inklusibo eta ez baztertzailea nahi dugu, eragile sozial guztien artean definitua eta etorkinen oinarrizko eskubideak bermatzen dituena.

– Atzerritarren Legea indargabetzeko eskatzen dugu, eta beste esparru juridiko baten ikuspuntutik eraikitzea, pertsona guztiei eskubide berberak emango dizkiena.


– Arau-hauste administratibo gehiago egotea salatu nahi dugu, Atzerritarren Legea lege zigortzaile bihurtzen baitu, eta etorkinen asmoak beti okerrak direla hartzen du oinarri.

– Lagunduta ez dauden adin txikiko etorkinen eskubideak errespetatzea eskatzen dugu, eta nabarmendu nahi dugu adin txikikoak direla, eta Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena errespetatu behar dela, eta Arartekoaren gomendioak, besteak beste.

– Eskubideak urratzen dituzten kanporatze-hitzarmenak salatzen ditugu, familien banaketa dakarte, jatorrizko herrialdean jasan beharreko errepresaliak eta deserrotze kasu larriak. Gainera, akordioak eta berrartzeko klausulak baliogabetzeko eskaera egin nahi dugu, eta Europar Batasunaren eta beste herrialdeen artean egiten diren mota honetako akordioak hartzeari uzteko.

– Espainian Atzerritarrak Internatzeko dauden Zentroak (CIES) berehala ixteko eskatu nahi dugu. Izan ere, errepresiorako eta bazterketarako bidea baino ez dira, pertsona horiek ez baitute deliturik egin.

– Hala eskatzen duen pertsona orori asilo-eskubidea aitortzeko eskaera egin nahi dugu, Genevako Hitzarmenak ezarri bezala, baldin eta “arraza, erlijio, nazionalitate, talde sozial edo iritzi politiko konkretu batekoa izateagatik jazarpena jasateko beldur bada, eta beldur hori arrazoizkoa bada(…)”. Gainera, asilo eta babeserako onartzen diren kausak zabaltzea eskatu nahi dugu. Horrela, eskaera eta prozedurek legeak aurreikusten duen guztia betetzea bermatuko dute eta talde horien giza-eskubideak aintzat hartuko dira. Halaber, Nazioarteko Eskubideak errefuxiatuak bueltatzeko eskatzen dituen baldintzak betetzea eskatzen dugu.

-Sistema patriarkalaren eskema errepikatzea eta indartzea salatu nahi dugu; migrazioen feminizazioaren testuinguruan dagoeneko existitzen den genero asimetria sakonagoa baita. Horrek esan nahi du oraindik ere emakumea eremu pribatuko lanetan eta pertsonak zaintzen dagoela, esklabotza egoera batean.

– Kaleko salmentagatik zigortutako pertsonei indultua ematea eta bidegabekeria hori despenalizatzea eskatu nahi dugu.

– Termino batzuk ez erabiltzea eskatzen dugu, hala nola “harrera egiteko gaitasuna” edo “lan-merkatuaren beharrizanetara lotzea”. Lege arloko testuetan eta diskurtso politiko eta mediatikoan erabiltzen dira, eta immigrazioaren ikuspuntu murriztu eta alde bakarrekoa erakusten du, etorkinak lan-tresna soil bezala ikustera bultzatzen du jendea.

– Etorkinak gizarteratzeko aurrekontu-hornidurak ez murrizteko eskatu nahi dugu, arlo horretako lege-aldaketak ez daitezen asmo hutsetan gelditu.

– Europar Batasuneko Espainiako presidentziaren ateetan, 2010eko lehenengo seihilekoan, gainerako herrialdeei mezu positibo bat bidaltzeko eskaera egin nahi dugu, eskubideen, gizarteratzearen eta kohesio sozialaren zabalkuntza unibertsalari buruzkoa, Zuzenbide Estatuaren printzipioekin koherentea.


Guztion Kultur arteko VIII. Topaketa

Topaketaren kolaboratzaileak izan dira: Eusko Jaurlartiza, Bizkaiko Foru Aldundia, Durangoko Udala, Getxoko Udala eta BBK.

Azaroaren 15ean, Guztion Kultur arteko VIII. Topaketaren barruan Durangon ospatuko den jardunaldirako egitaraua:

10:30 – 11:00 Harrera

11:00 – 13:00 Aldarrikapen Kalejira

13:00 – 13:30 Ekitaldi Instituzionala
13:30 – 15:45 Herri bazkaria

16:00 – 17:30 Jarduera folklorikoak eta sentsibilizazio tailerrak

17:30 – 19:00 Korrontziren kontzertua

HARRESIAK APURTUZ, Etorkinei Laguntza Emateko Euskadiko GKEen Koordinakundeak eta Durangoko gizarte taldeek, topaketa honetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Era berean, Atzerritarren Legearen mende erabat diskriminatuta bizi diren etorkinen defentsan lanean jarraituko dugula adierazi nahi dugu; Lege horrek gizarte xenofoboaren eredua betikotzen du eta gizarte-desberdintasunak nabarmendu baino ez ditu egiten.

 

HARRESIAK APURTUZ, Etorkinei Laguntza Emateko GKEen Euskadiko Koordinakundea

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude