Atzerritarren Lege Organikoaren araudi berria indarrean sartu dela-eta, Harresiak Apurtuz-ek Atzerritarren Legea indargabetu eta immigrazioa kudeatzeko eredu inklusiboa eskatzen du, Giza Eskubideak errespetatuko dituena

Gaur, ekainak 30, Atzerritarren Legearen araudi berria indarrean sartzearekin batera, beste atzerapauso bat egin da giza eskubideetan. Etorkinak babesgabetasun osoan geratzen dira, inklusioa zentzu guztietan eragozten duen sistema xenofobo honen ondorioz. Ezin da onartu, elkarbizitzarako eta gizarteratzeko eredua arautzeko, Estatuak sortu duen “immigrazio politika” lege bat izatea, Atzerritarren Legea, hain zuzen.

Atzerritarren Lege Organikoaren araudi berria indarrean sartzea

Gure gizartearen zati bat ikusezin bihurtzen duen Legea abiapuntu hartuta, zenbait arazo kezkagarri aipatu daitezke lege horrek aplikatuko duen araudian:

• Familia berriz elkartzea

– Gure ustez, baliabide ekonomiko nahikoa egiaztatzeko eskatzen den kopurua ez dator bat gaur egun dauden soldatekin. Baldintza horiek zorrotz aplikatzearen gainetik jarri behar da etorkinek duten bizitza pribatu eta familia-bizitzarako Eskubidea.
– Prozedura oztopatu beharrean, behin betiko argitzeko exijitzen dugu zein organoren aurrean eskatu behar duen etxebizitza-txostena familia berriz elkartu nahi duenak.

 

• Gizartean errotuta egotea

– Erabateko desadostasuna eta kezka adierazi nahi dugu, espediente hauetan aurkezten den lan kontratua enpleguak estatuan duen egoerarekin lotu daitekeelako. Izan ere, baldintza horrek erregularizatzeko bide nagusia itxiko luke: gizartean errotuta egotea. – Puntu honi dagokionez ere, prozedura oztopatu beharrean, behin betiko argitzeko exijitzen dugu zein organoren aurrean eskatu behar duen gizartean errotuta egoteari buruzko txostena.

• Baimenak berritzea

– Araudian ezarritako baldintzak aplikatzerakoan, baimenak berritzeari lehentasuna eman eta bat-bateko irregulartasunak saihesteko exijitzen dugu, benetako gizarteratzea oztopatu eta etorkinak esplotazioaren mende eta babesik gabe uzten baititu.

• Genero indarkeriaren eta salerosketaren biktima diren emakumeak

– LOEX legearen aldaketa berehala aplikatzeko eskatzen dugu, Senatuan eta Kongresuan aho batez onartu dena, Estatuaren segurtasun indarretara genero indarkeria salatzera doazen eta egoera irregularrean dauden emakumeei zigor-espedienterik irekiko EZ zaiela onartzen duena.
Indarkeriaren biktima den emakume bakar batek ere ez du beldurrik izan behar salaketa egiteko.
– Halaber, indarkeriaren biktima diren emakume atzerritar guztiei bost urteko egoitza-baimena eskatzeko aukera emateko eskatzen dugu, haien egoera administratiboa kontuan hartu gabe.

Azkenik, gogora ekarri nahi dugu, botere publikoen erantzukizuna dela pertsonen arteko berdintasunean eta justizia sozialean oinarritutako gizarteratze-eredua sustatzea. Migrazio-politiken ikuspegia eta lehentasuna gizarteratzera bideratu behar da, eta, orobat, Giza Eskubideak arduraz errespetatzera, kontrol eta errepresio neurri hutsetan gelditu gabe.

HARRESIAK APURTUZ, Etorkinei Laguntzeko Euskadiko GKEn Koordinakundea
 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude