Arrazakeriaren aurkako nazioarteko egunean Harresiak Apurtuzek herritar guztiei dei egin nahi die beren bozkatzeko eskubidea aldarrikatzera

Gaur egungo egoera politiko, sozial eta ekonomikoa Europar Batasunak pertsonen aurretik kapitalari lehentasuna ematearen ondoriozkoa da. Immigrazioa ekonomiaren ikuspuntutik baino ez da kontuan hartzen. Fenomeno hori sortzen duten arrazoiak baztertzen dira eta giza eskubideen aurkako erantzun polizial errepresiboak ematen dira, “segurtasunaren eta ordenaren” izenean pertsonen askatasuna mugatuz.

Espainiar estatuak, bere aldetik, Europak markatutako bidetik jarraitzen du, LOEX legearen bidez egitura xenofobo bat mantenduz. Gainera, gizarte politiketan atzera egin dugu; eskubideak zalantzan jarriz, pobrezia kriminalizatuz eta zerbitzuen pribatizaziorako joera hartuz, osasun zerbitzuarena, esaterako. Aurrekontua eta bestelako baliabideak mugak kontrolatzeko politikekin oso lotuta daude, hala nola FRONTEX dispositiboa edo antzeko tresnak.

EAEn aurrekontu txikiegia dago euskal herritarren gizarte babesa bermatzeko; eta horren ondorioak ordaintzen ari gara. Osasun arloko arretari buruzko 114/2012 Dekretua eta bestelako politika publiko batzuek sistematik kanpo uzten dituzte herritar batzuk; urtebeteko errolda izatearen baldintza gogortzea, egungo errealitatea islatzen ez duten Gizarte Larrialdiko Laguntzetarako aurrekontu bat eta enpleguaren inguruko politika publikoen eskasia, babesgabetasun egoera larrian dauden pertsona asko kondenatu egiten dituena.

Begien bistakoa da gizarte-aldaketa baten beharra. Harresiak Apurtuzen uste dugu heldu dela “aski da” esatekoa unea. Euskadi ireki, bidezko, inklusibo, parekide, anitz, kultura arteko, parte-hartzaile eta solidario batean sinesten dugu. Eta zu ere aldaketaren eragile izan zaitezen nahi dugu.

Zure botoarekin gizarte bidezkoago bat egingo dugu. Gizarteratzea lehentasun bat izan behar da gure foru eta udalerrietako hurrengo legegintzaldian. Gainera, babes sozial egoki bat bermatzen duten tresna guztiak sustatu behar ditugu babes sozial egokia eta denontzako nahikoa bermatzeko. Babes soziala da gizartean benetako kohesioa lortzeko bidea.

Baina gure agintarien funtzioa gizarte inklusiboago baten sustapenean zentratu behar da, horretarako balio batzuk zabalduz; hala nola errespetua, berdintasuna, elkartasuna eta parte-hartzea. Horretarako euren esku dituzten baliabide guztiak jarri behar dituzte jarrera eta portaera ez solidarioak, arrazistak eta pertsona talde batzuekiko gorrotoa eragiten duten jokabideak alde batera gera daitezen. Arlo horretan baliabide gehiago bideratzea lehentasun bat izan behar da aniztasuna kudeatzeko eta elkarbizitza modu arduratsuan sustatzeko.

Elkarrekin, gure botoarekin, lortuko dugu.

Botoa emateko eskubidea Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasota dago (21. Art.), baita Espainiako Konstituzioan ere (3. Kap. 1. Sc. 23. Art.). Martxan jarriko al dugu?

Botoa da gizartea eraldatzeko daukagun tresna.
Botoa da gure gizarteen bizitza politiko eta sozialean parte hartzeko bidea.
Botoa da aldaketa kolektiboa posible egiten duen herritarron eskubide indibiduala.

Maiatzaren 24an zure esku dago sistema politikoaren eraldaketarantz egiteko aukera, gizarte politika bat sortu eta denon eskubide sozialak bermatu daitezen. Eman zure botoa modu kontziente eta arduratsuan, eskaintza politiko guztiak aztertuz. Egin apustu beste eredu soziopolitiko baten alde.

Maiatzaren 24an goazen denok botoa ematera, gure foru eta udal mailako agintariak aukeratzeko.
 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude