21M-CARTEL-grande-eus

Arrazakeria eta Xenofobiaren kontra

Arrazakeria eta Xenofobiaren kontrako Nazioarteko Eguna da martxoaren 21ean eta, data garrantzitsu horren harira, salatu nahi dugu pertsona migratzaile eta iheslarien eskubideek atzerakada larria jasan dutela; gero eta lege murriztaile gehiago ezartzen dira, gizarteratzearen, tratu-berdintasunaren eta bazterkeria eza babestetik urrun, Giza Eskubideen oinarri den duintasunaren kontra nabarmen egiten dutenak, pertsonen gaitasunen garapen libre eta erabatekoa oztopatuta.

2016/03/21

Neurri horietako bat da joan den martxoaren 7an Europar Batasunaren eta Turkiaren artean sinatutako akordioa. Horrelako itunek Estatu kideek berretsitako nazioarte zein Europako itun eta hitzarmenen urraketa nabarmena dakarte eta Europar Batasunaren beraren balio funtzionalak kolokan jartzen dituzte. Europak izan beharko lukeen askatasun, segurtasun eta justizia espazioaren kontra, milaka pertsonari mina eta heriotza eragiten dizkien migrazio eta asilo politikak jasaten ari gara.

Halaber, estatu mailan austeritate politikak garatzen jarraitzen dute, Europar Batasunak markatutako jarraibideak betetzeari lehentasuna emanda eta pertsona guztien (nazionalitate edo egoera administratiboa gorabehera) eskubideei eman beharreko babes erreal eta eraginkorra alde batera utzita. Gainera, osasun-arretarako, hezkuntzarako edo biltzeko/manifestatzeko eskubideen (batzuk aipatzearren) aitortzak atzera egiteaz gain, ongizate Estatuaren existentzia bera kolokan jarri da, desorekak murriztu eta aukera-berdintasuna sustatzeko oinarrizko zutabea suntsituta.
EAEn euskal herritar guztien babes soziala bermatzeko nahikoa ez den aurrekontuaren ondorioak pairatzen jarraitzen dugu, eskubideen egikaritze efektiboan oztopo administratiboak izaten eta justizia zein berdintasun sozial handiagoa ziurtatuko duten enplegu politika aktiboen gabezia jasaten.

Gainera, mundu mailan, Europan eta Estatu zein EAE mailan xenofobia eta arrazakeria mugarik gabe sustatzen dituzten diskurtso politikoak entzun eta entzuten ditugu; kondenatuak ez diren diskurtsoak, jakinda mesfidantza sustatzen, bizikidetza oztopatzen eta etika ororen kontra egiten dutela.

Horregatik guztiagatik, Arrazakeria eta Xenofobiaren kontrako Nazioarteko Egunaren harira, Harresiak Apurtuz koordinakundetik honakoa aldarrikatzen dugu:

  • Giza Eskubideen errespetu arduratsua eta Europar Batasunaren oinarri diren balioak berreskuratzeko beharra.
  • Pertsona migratzaileen ikuspegi instrumentala gaindituko duten migrazio eta asilo politikak garatzea, asilo eskubidea bermatuko dutenak (Europan sartzeko bide seguru eta legalak eskainiz) eta migratzaile zein iheslarien integrazio osoa sustatuko dutenak (horien eskubideak erabat aitortuz).
  • Herritarrak kontzientziatzera eta eragile publikoen erabilera arrazista eta xenofoboa salatzera bideratutako etika publikoaren sustapena.
  • Aniztasuna aberastasun-iturri gisa sustatuko duten kultura-arteko politikak ezartzeko beharra, arau komun batzuk ezartzea bermatuko dutenak, pertsona ororen onarpenaz eta elkartzen gaituena nabarmenduz.

Laburbilduz, Harresiak Apurtuz koordinakundeak Euskadi anitzaren aldeko apustua egiten du, non pertsona oro bere eskubideen jabe izango den eta immigrazio gaietako politika publikoak garatuko diren, unean-unean diren beharrizanei erantzun ahal izateko; ezin baita bizikidetzaz mintzatu hartarako prestatutako mekanismorik gabe.

HARRESIAK APURTUZ
Etorkinei laguntza emateko Euskadiko GKEen Koordinakundea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude