FB_MATICES

18D: Parteka dezagun etorkizuna; pertsona guztiak eskubide guztien jabe

Abenduaren 18a Pertsona Migratzaileen eta beren Familien Nazioarteko Eguna da; horren harira, Harresiak Apurtuz-en izenean herritargo inklusiboa aldarrikatzen dugu, pertsona guztiek eskubide guztiak dauzkagula aitortuko duena eta gizartearen arlo guztietan parte-hartze aktibo eta bidezkoa bermatuko duena.

2016ko abendua

Krisi globala da, oraindik ere, gizarte arloko murrizketak, Ongizate Estatuaren desegitea eta politika publikoen zorroztea justifikatzeko baliabiderik erabiliena, eta horrek bereziki eragiten die babesgabetasun egoeran dauden pertsonei, pobrezia kriminalizatuta.

Sinetsi egin nahi dugu eta sinesten dugu egungo egoera soziopolitikoa aukera ona dela aldaketarako, denon artean eraikitzeko, pertsonak eta eskubideak ardatz izango dituzten politiken aldeko eta horietan parte hartuko duten herritarren aldeko apustua egiteko. Herri inklusiboak sortzeko lanari ekin behar diogu, immigranteak eta asilodunak eskubide osoko herritar bezala aitortzeko, xenofobia politiko eta sozialik egon ez dadin.

Hala ere, urtez urte gogorarazi behar dugu atzerritartasunari dagokionez, Legeak inflexio-puntu zorrotza markatzen duela. Esparru horren barruan, orokorrean gizarte osoari jakinarazi nahi dizkiogu gure eskakizunak eta ekintza-proposamenak:

  • Atzerritarren Legeak eta horri buruzko Araudiak herritarren zati baten diskriminazioa legitimatzen jarraitzen dute, kategoriak sortuz, kohesio sozialaren kontra eginez, eta etorkinak eta egoera administratiboagatik edo babesgabetasun egoeragatik asiloa eman zaien pertsonak kriminalizatuz. Lege hori indargabetzeko eskatzen dugu.
  • Migrazio eta asilo arloko politika inklusiboak eskatzen ditugu, pertsonak eta eskubideak oinarritzat hartuko dituztenak. Era berean, mugetan sarbide seguruak jartzeko eskatzen dugu, eta Europak harreraren inguruan bere gain hartutako konpromisoak bete ditzala.
  • Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa alde batera uzteko eskatzen dugu, Mordaza Legea izenez ezagutzen dugun Legea, eskubide zibilak eta askatasun publikoa murrizteko saiakera bat baita. Batetik, tutoretza judizial eraginkorraren eskubidea eta asilo eskubidea urratzen ditu, “bero-beroan egindako itzulketak” legitimatuz.
  • Ongizate Estatu bat aldarrikatzen dugu, pertsona guztien eskubideak aitortzen dituena. Gizarte-babesari esker lor dezakegu pertsona horiek bizimodu duinagoa izatea eta ezinbestekoa da Euskadiko gizarte-babesaren sistema bermatuta egotea, baldintzarik gabe. Gure gizarte-testuinguruaren ezaugarrietako bat aniztasuna da, beraz, euskal erakundeei eskatu nahi diegu politika publiko inklusiboak sor ditzaten, pertsona guztien beharrizanei erantzuna emateko eta bakea eta berdintasun sustatzeko.
  • Migratzaileei buruzko estereotipo negatiboak eta gorrotoa sustatzen duten jarrerak sendotzen laguntzen duten diskurtso politiko eta mediatikoak salatzen ditugu. Era berean, komunikabideen gizarte erantzukizuna eskatu nahi dugu, informazio zehatzetan oinarritutako mezuan zabal daitezen.
  • Osasun eskubide unibertsala errespetatzeko eskatzen dugu, pertsona guztiek kalitatezko eta doako osasun arreta jasotzeko aukera izan dezaten. Pertsona askok erroldatzeko dauzkaten zailtasunak ikusita, EAEko 114/2012 Dekretuaren baldintza hau kentzeko eskatzen dugu: osasun txartela eskatzeko urtebeteko errolda eduki behar izatea.
  • Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria edukitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Etxerik gabeko pertsonei arreta emateko estrategia global eta integral bat garatu behar dugu Euskadin; prebentzio, laguntza eta inklusioaren ikuspuntutik. Horretarako, sistema publikoek esku hartu behar dute.
  • Lagunduta ez dauden adingabeko etorkinen eskubideak aitortzeko eskatzen dugu; nabarmendu nahi dugu adin txikikoak direla, eta beren gizarteratze-prozesuarekin lotutako proiektua gauzatu behar dela.
  • Immigrazioa generoaren ikuspuntutik ere kudeatzea. Horrela gizon eta emakumeentzako aukera eta betebehar berdintasuna landu eta hori sozialki, lan arloan, arlo pertsonalean eta familia mailan garatuko da.
  • Elkarteen arteko sarearen egitekoa aitortzea berdintasunean oinarritutako bidezko gizarte baten eraikuntzan gizarte-eragile eta solaskide politiko garrantzitsua izateagatik. Euskadiko Hirugarren Gizarte Sektoreari buruzko 6/2016 Legea garatu behar da: Sustapenerako estrategia eta Hirugarren Gizarte Sektorearen Euskal Behatokia martxan jartzea.

Azken finean, Harresiak Apurtuz-en gizarte ireki eta anitz baten alde ari gara lanean; pertsonengan zentratzen den gizarte baten alde.  Bizi-kalitatearen hobekuntza eta justizia eta berdintasun sozialaren eta iraunkorraren kuotak handitzea helburu nagusiak izango diren gizartea. Baina hori posible izateko, demokrazia parte-hartzaile eta aktiboa behar ditugu, eta pertsona guztion parte-hartzea posible egiten duen jendartea. Jendarte inklusiboa, Giza Eskubideak, pertsona guztien duintasuna eta hiritartasun aktiboa betetzen direla bermatzeko mekanismoak jartzen dituena.

HARRESIAK APURTUZ

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude